
Eusko Jaurlaritzaren Open Data zerbitzuak bi lehiaketa antolatu ditu hiru Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundi eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalekin batera, datu-irekien berrerabilpenaren kultura sustatzeko asmoz. 2024ko edizioan izena emateko epea irekia dago jada eta urriaren 10ean amaituko da.
Jaurlaritzak eta Microsoftek hitzarmena sinatu zuten duela egun batzuk, Ertzaintzaren bitartez EAEko ikastetzeetan ziber-segurtasunerako formakuntza sustatzeko. Hitzarmenaren arabera, "Microsoftek Euskadiko ikastetxeetako ikasleei sareko segurtasuneko hainbat alderdiri buruz informazioa emateko eta ikasleak kontzientziatzeko Ertzaintzak egiten duen lana hobetzeko beharrezko baliabideak jarriko ditu," zabaldutako prentsa oharraren arabera. Helburua: euskal gizarteak eta bereziki ikasleek zibersegurtasunaren arloko jardunbide onenak ikas ditzaten eta "ziberburutsuak" nola izan jakin dezaten.
Meneame izan zen sasoi batean Espainiako eztabaida eta informazio gune ireki edo ireki-samar potente bat. Baina gainbehera doa eta bere kudeatzaileek salmentan jarri dute. Urri amaiera arte aurkez daitezke eskaerak, 200.000 euroko kostu minimo bat duela kontsideratzen dute.
Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen bart, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu diezaiokegu Chepngetich eta Kipyegon izen horietan. Atletismoko dominetan eta lehen postuetan, joko hauetan zein beste atletismo aukera handi guztietan ikusten ditugun aurrizki antroponimiko ezagun batzuk daude: Chep- eta Kip- izenak (batzuetan Jep-, Ki- edo Che-) nagusi dira luzerako hainbat lasterketatan. Norenak dira? Kalenjin herrien izenak dira eta esanahi zehatzak dituzte.
Nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan (eguneroko prentsan eta uhin bidezko irratietan) eta Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan euskararen erabilera areagotzeko dirulaguntzak esleitu ditu Eusko Jaurlaritzak aste honetan. Hona ebazpena, eta jarraian, kopuruak.
Astelehenean kontatu genuen nola RIAA musika-industriaren patronalak salatu dituen Suno eta Udio sarean aurkitu duten musika guztia kopiatzeagatik, horrekin bere adimen artifizialeko (AA) musika sorkuntzako tresnak garatu eta trebatzeko. Eta Sunok eta Udiok onartu, horixe baita metodoa AA elikatzekoa. Eta, hara, albiste parea astean aurkitu ditugunak erakusten dutenak beste eragile erraldoi batzuek ere horixe egiten dutela: Nvidia txip-gileak ikus-entzunezko edukiak kopiatzen ibili omen da; eta Microsofteko AA garapeneko buruak dio Interneten aurki daitekeen GUZTIA erabil daitekeela libreki AA elikatzeko. BitTorrent-etik pelikula bat jaisten duzunean inork ezer leporatzen badizu kontuan hartzeko.
Interneteko hamarkada honetako moda komentarista jarraituenak, Derek Guyk, Imanol Pradales EAEko lehendakariaren janzkera kritikatu du gaur txio batean. "The other man" (beste gizona) ere deitu dio, nor den ez baitaki (logikoa), Felipe VI.a Espainiako erregearen ondoan zegoela egindako argazki batean bi gizonen janzkiak konparatzean.
Silvie Strauß Leipzigeko Unibertsitateko hizkuntzalari (edo hizkuntzalari-gai) alemanak bere tesirako laguntza eskatu digu euskaldunoi. Euskararen egitura gramatikal batzuen inguruan hiztunok nola egiten dugun jakin nahi du, eta horretarako galdetegi bat prestatu du. 15-20 minutu hartuko dizu erantzuten laguntzeak.
Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic Frontier Foundation (EFF) erakundeak kaleratua, Twitterren alternatiba nagusien detaile teknikoak azaltzen, alegia, Mastodon, Bluesky, eta Threads esplikatzen. Hauetarik batek, Mastodonek, bi instantzia euskaldun ditu eta hortaz, Sustatu irakurtzen duen inork gomendiorik behar balu esango diogu erabiltzeko Mastodon.eus edo Mastodon.Jalgi.eus. Hala ere, ezagutza pixkat kontesturako ondo etor liteke.
Jokin Perona (Orio, 1978) Gipuzkoako Ogasun diputatua Espainiako Peleas de Abajo herrian (Zamora) hil zen atzo, bizikletan zihoala auto batek harrapatuta. Gaueko 21:15ak aldera gertatu zen ezbeharra Perona eta 10 urteko semea bizikletan zihoazela auto batek harrapatu zituenean. Semea onik dago.
Juan Ignacio Perez Iglesiasek maiatzean ireki zuen euskarazko bloga, Aieruak, eta egun batzuk pasatzen utzi genuen hona Sustatura ekartzeko... Gero, ekainean, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu izendatu zuten, eta berriro pasatzen utzi genuen, pentsatuta akaso horrek bere Interneteko alderdi publiko blogzalea etengo zuela... Baina ez, ematen du iritzigile eta dibulgatzaile gisako jarduera horri ere eutsiko diola, eta EAEko legegintzaldi honetan sailburu blogari euskalduna edukiko dugula.
Suno eta Udio auzitara eraman ditu AEBetako RIAA musika-argitaletxeen patronal handiak, eta larri dabiltza, funtsean salaketa onartzea beste erremediorik ez zaielako geratu. Sarean dagoen edozein musika puskarekin elikatu dituztela euren adimen artifizial sortzaileko sistemak, horrekin musika egiteko. "Fair use" edo erabilera baimendua deritzote horri, hori bai, copyright-arentzako salbuespena dela. Euskarazko musika sortzeko ere balio dutela Sunok eta Udiok demostratu dizugu Sustatun azken hilabeteetan.
Imane Khelif emakumezko boxeolari aljeriarrak gaur larunbatez abuztuak 3, 17.20ak aldera, izango du bere bigarren borroka, Anna Luca Hamori hungariarraren aurka. Olinpiar Jokoetako protagonista bihurtu dute polemikak, baina zera da kontua: ez transgenero, ez intersexual, ez XY kromosomarik, ez testosterona datu altuegirik edo bestelako analisi arrarorik; Imane Khelifek beste kirolarien ziurtagiri berdinak ditu, eta ez dago besterik.
Eguneraketa, abuztuak 10: Khelifek irabazi egin zuen borroka hori Hamoriren kontra, eta baita bi hurrengoak, urrezko domina lortuz emakumezkoen 66 kiloko kategorian bart gauez,
Eguneraketa, abuztuak 11: Khelifen jazarpen bertsua jaso duen Lin Yu-ting emakumezko boxeolari taiwandarrak ere irabazi egin du bere kategoriako lehiaketa, urrezko domina lortuz. Eta Khelifek, bestalde, jazarpenagatiko salaketa jarri du epaitegietan behin lehia amaituta, gure izenburukoa berretsiz, "emakume jazarria" izan delako.
SagardoarenLurraldea.eus da webgune bat Sagardun elkarteak sortua, sagardoaren inguruko zenbait programa eskaintzen dituena, turismoko eta aisialdiko jarduerak, Gipuzkoako sagardoaren ekoizpenaren eta kulturaren ingurukoak. Online erreserbatu daitezke hainbat ekintza, eta aukerak daude abuztu honetan. Erreserba egitean hizkuntza eskaera ere egin dezakezu bisita gidatuetarako (euskaraz artatu zaitzaten nahi baduzu).
Kim Ye-ji korearra eta Yusuf Dikeç turkiarra, tiro jaurtitzaileak biak (zilarra irabazitakoak nork bere kategorian), irudi ikoniko bihurtu dira Parisko Joko Olinpikoen lehen astean. Hor meme bat Yusuf pistola eskuan duela. Baina irudi hauetatik aparte, argazki ikusgarriak ere eman dituzte jokoek, eta selekzio bat duzue jarraian.
Prime Video plataformako euskarazko edukiak errazago ikusteko aukera dago orain, Pantailak Euskaraz-ek zabaldu duen albiste eta tutorualari jarraiki. Aplikazio mugikorrean euskara lenehenestea da kontua. Amazonen plataforma da Prime Video eta nazioarteko streaming zerbitzuen artean, hura eta Netflix dira euskarazko edukiak bikoiztuta edo/eta azpidatziekin ematen dituztenak.
Duela aste batzuk itxi zen Google Podcasts, Googleren podkast zerbitzu eta aplikazioa. Baina Googlek badu oraindik podkast plataforma bat: Youtube da, besterik gabe.
Abuztuko oporrak hartuko dituzte Sustatuko bideo-edukiek hurrengo asteetan, nahiz eta eguneroko jardunarekin jarraituko dugun albisteak argitaratzen. Hortaz, uztaileko azken errepaso honetan, besteak beste bi mini-tutorial edo argibideak bi gauzatarako: nola egin Twitterreko zure txioak ez ditzan Elon Musk-ek erabili Grok bere AA trebatzeko, eta mapa jarraibideak euskaraz entzuteko nola konbinatu Android telefono batean AhoTTS eta Organic Maps tresnak.
Organic Maps mapen aplikazio bat da bat da, auzolanean sortutako OpenStreetMap datuetan oinarrituta. Ezauarri nagusitzat du konexiorik gabe %100-ean funtzionatzen duen aplikazio gutxietako bat dela. Android eta iOS-erako bertsioak daude, baina Androiden abantaila gehigarri bat duzu: ibilbide bat programatu eta errepideko (autoz) edo bestelako bideetatako (bizikletan edo oinez) jarraibideak euskaraz esango dizkizu, baldin eta urrats gehigarri bat hartzen baduzu, AhoTTS aplikazioa ere ezarriz.
Joan den astean egin genuen oporren aurreko Twitcheko eta Segura Irratiko zuzenekoa baina tira, post-edizioan atzeratu gara (eta jarraian, abuztuan oporrak). Probatu dugu zuzenean Claude adimen artifizialeko (AA) azken modako tresna. Euskaraz bikain dabilela konprobatu, eta irudien deskribapenean ere bikaina dela. Baina doako bertsioarekin erabilpen askorik ere ezin daitezkeela egin, hori ere ikasi dugu zuzenekoan.