Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroa Europako Museo onenaren sarietako bat irabazi du Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak emana. Euskararen Etxea eta bere eduki interesgarri horiek Bilboko San Inazio auzoan daude, Azkue Fundazioak kudeatuak. 2025erako saria da, hau da, urte osoan zehar erakutsi ahal izango dute ohorea bertan.
EMYA sariak (Europako Museo Onenen sariak) Europako Museoen Foroak ematen ditu, eta sari nagusi-nagusia ez bada izan hau, bigarrena da eskalan nolabait, eta nazioarteko erakunde publiko batek, Europako Kontseiluak kasu honetan, ematen duena da Euskal Herrira etorri dena.
Epaimahaiak bere oharrean Euskararen Etxeko “esperientzia murgilgarria” goraipatu du, eta azpimarra berezia egin die Interpretazio Zentroko edukiei. Museoak “euskal kulturari lotutako emozio, erronka eta erresistentzia sakonak” islatzeko gaitasuna duela adierazi dute, eta “euskarak komunitatea sustatzeko duen garrantzia eta bilakaera aztertzeko aukera” eskaintzen duela nabarmendu.
Aipaturiko guztiez gainera, epaimahaiak Euskararen Interpretazio Zentroko irisgarritasuna eta aniztasuna txalotu ditu. Edukiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen direnez, “museoak askotariko ikusleen parte hartzea” bermatzen duela iritzi dio: “Zentroak Europako hizkuntzen eta kulturen arteko lotura egiten du. Hizkuntzen arteko antzekotasunak eta elkarren arteko eraginak aztertzeko aukera ematen du, era horretan, Europako hizkuntza aniztasuna sakonago ulertzeko”, esan dute.
Badakizue lagunok, museoa bisitatzera!
Erantzun
Sartu