Teknologia albisteak

EAEko 2. hezkuntzako ikastetxeetan mugikorrak debekatzeko eskatu du Altxa Burua taldeak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 15:40

Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debekua bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.

Gipuzkoan sortu zen Altxa Burua ekimena 2019an, baina aurtengo irailean Bizkaiko eta Arabako taldeak ere bildu zaizkie eta une honetan 6.000 familiaren ordezkari direla diote. "Teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi duten guraso taldeak" dira, euren webgunean diotenez.

Altxa Buruaren arabera, mugikorrak eskoletatik kanpo utzi direnean ebidentzia zientifikoek erakutsi dute hobekuntza garrantzitsuak gertatu direla hezkuntzan. Adibidez, irakasleen eta ikasleen eginbeharrak hobetu dira, arreta gaitasuna hobetu da, ziberjazarpenaren aurrean hobekuntzak izan dira, mugikorrarekiko dependentzia jaitsi da, PISA informeetan gora egin da, jarduera fisikoa areagotu egin da eta ikasleen hartu-emanak sustatu egin dira.

Alderantziz, mugikorra erabiltzen uzten bada, beraien ustez ez da hobekuntzarik nabaritzen inongo esparrutan. Erabiltzen ez bada ere, mugikorra geletan izatea arretaren kalterako dela uste dute. Horren aurrean, gomendioak baino gehiago, debekua da eskatzen dutena, bileraren kroniken arabera.

Ikastetxeetako kezkaz gain, beste helburu batzuk ere baditu Altxa Burua taldeak. Esate baterako: 

  • Seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea
  • Helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea, familiako erabileran eredu izan eta kontzientzia saretzea.

 

Erantzun

Sartu