Teknologia albisteak

'Taupa mugimendua' da Topagunearen izen eta marka berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-12-14 : 13:31

Gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian duela 28 urte sortutako euskara elkarteen Topaguneak bere izen eta marka berria aurkeztu du: Taupa, euskaltzaleen mugimendua, TaupaMugimendua.eus Interneten. Izaeran ere bada aldaketarik: "Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera". Parte-hartze indibidualerako deia ere egin dute, beraz.

Aktibazio arduradun bat du Taupak, Jon Zapata, eta hala azaldu du berak izen/izan aldaketa hau: "Euskal Herri osoko euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat nahi dugu. Horregatik, euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera. (...) Aktibismoa bizitzeko modua aldatu egin da, eta joera berrietara egokitu nahi dugu. Egiteko molde eta antolatzeko modu berriak, akaso likidoagoak, jarri nahi ditugu praktikan, euskaltzale bakoitzak bere modura parte hartzeko aukera izan dezan”. 

Orain arte Topagunea izan denean, eraldaketaren une honetan, 74 euskaltzale-elkarte egon dira bazkidetuta, 75 hedabide Tokikomen hedabideen taldean (30 elkarteri lotuak) eta aisialdi euskalduna garatzeko 17 elkarte Kukulaisin saretuta ere bai. 1996an sortu zen Topagunea, Euskara Elkarteen Federazio izenarekin, eta 2021an Euskaltzaleen Topagunea bilakatu zen.

Irati Iziar Topaguneko azken lehendakaria, Taupako lehena da, eta hala esan du gaurko Bilboko ekitaldian: “Gurea herri proiektu eraldatzaile bat da, komunitate anitz, berdinzale eta justuago baten aldekoa. Horregatik sinesten dugu posible dela euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzea. Euskarak behar duen jauzia egiteko ezinbestekoa da”.

Hitz horiek eta beste batzuk, eta gaurko ekitaldiko irudiak, Mastodoneko hari honetan.

Agur eta eskerrik asko Topagunea, eta ongi etorri Taupa.

Erantzun

Sartu