Rikardo Arregi sariak 2024: Ikusgela eta Feminizketak
2024ko Rikardo Arregi sariak irabazi dituzte, kazetaritzaren alorrean Feminizketak, elkarrizketa sortak (Berrian argitaratuak), eta Komunikazioaren alorrean Ikusgelak, euskarazko Wikipediaren eta EWKE elkartearen ikus-entzunezko edukien proiektua.
Feminizketak elkarrizketak egindako kazetariek jaso zuten saria oholtzan; Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silvak. Epaimahaiak nabarmendu du lau kazetariek "egin duten ahalegin berezia adin, jatorri eta arlo desberdinetako puntako pentsalarien gogoetak jasotzeko sei hizketaldirekin osatutako bilduman". Hizketaldi horiek hemen, dituzue, eta elkarrizketatuak dira Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela.
‘Ikusgela’ proiektua saritzeko, meritu hauek azpimarratu ditu epaimahaiak: Gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian, gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe sortzen ditu edukiak ‘Ikusgelak’ ikus-entzunezko formatuan". Bideo formatuak, bereziki, eta ikus daitezke Youtuben, TikTok-en, Instagram-en, Peertube fedibertsoko instantzian eta noski, euskarazko Wikipedian ere.
Saririk gabeko finalistak izan dira, komunikazio alorrean,
- Ezer ez eta festa podkasta, Berriak ekoitzia: hizkuntza da gaia, hizkuntzalaritza baino gehiago.
- Ez Hain Ondo bideopodkasta, emozioen ingurukoa, Gaztea eta EITBren eskutik.
- Flop Kultura podkasta, Euskalerria Irratiak ekoitzia.
Eta Kazetaritza alorrean...
- Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? (Erreportaia Argian, June Fernandezek idatzia).
- Juana, Jon Artanoren liburua. Kronika biografiko bat.
- Bada, Ipar Euskal Herriko gazteen hedabidea.
Ekitaldia Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai komunikatzaile eta umoregileek aurkeztu dute, eta bertan Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak ere ohorezko saria jaso du.
Irudian, Ikusgela proiektuko koordinatzailea, Ander Bolibar, Komunikazio alorreko sariarekin.
Erantzunak kargatzen...