Teknologia albisteak

Dragoi Bolaren lehen komiki sorta mitikoa, euskaratua eta sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 10:55

Euskomanga da boluntarioen komunitate bat, manga komiki japoniarren zaletu euskaldunena, aktibo dabilena azken urteetan. Dituzten baliabideen artean, euskaratutako manga bilduma interesgarri bat dute, ikuskatzaile bidez kontsultatzekoa (edo deskargarako Mega webgunearen bidez). Eta bilduma horretan eduki mitiko bat agertu da: Dragoi Bola klasiko eta lehena, Son Goku txikia zeneko abenturak (komikiaz ari gara, ez telesailaz), Dragon Ball izen soilekoa, 1. liburukitik 16.era, osorik euskaratua.

Boluntario saiatu batek egin du lan handi hau. Xalba du izena eta euskaraketan kontuan hartu du Xabier Amurizak bere garaian zuzendu zuen anime-rako bikoizketako testua. Mangak eta komikiak itzultzen dira hizketaldien globoetako zurian testua ordezkatuz, eta hortaz, dozenaka edo ehundaka orri batzuk dira, lehen 16 liburukiak online irakurtzeko moduan daudenak. Gokuk Bulma ezagutzen duenetik Satantxiki garaitzen duen arte.

Hurrengo manga atal kronologikoa, Dragoi Bola Z, etorriko dela esan dute. Euskomangan (beste 26 liburuki lirateke). Frankiziako telebistako marrazkiak (animeak) eta komikiak (mangak) euskaraz nola ditugun dokumentatzeko, orri hau ere prestatu du Euskomangak: dragoibola.euskomanga.com 

Bestalde, irakurgailuan beste eduki batekin ere hasi berri da beste boluntario bat; One Pieceren manga bertsioarekin.

Ezagutu Euskomanga eta bere manga-irakurgailua.

 

Erantzun

Sartu