Teknologia albisteak

Oldarraldi eta larrialditik, indarraldira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-11-30 : 15:11

Kontseiluak 2024ko Euskararen Egunaren harira adierazpen bat egin du publiko gaur, Martin Ugalde kultur parkean egindako agerpenean. Larrialditik Indarraldira izena eman diote, eta bertan erreferentzia egin zaio Europako hizkuntza gutxituetako adituek berriki euskara larrialdi egoeran dela nabarmendu izana, eta baita azken urteotako oldarraldi judizialari. Oztopo horiek gainditu eta indarraldira pasatzeko unea dela aldarrikatu du Kontseiluak.

Hona adierazpena:

Larrialditik Indarraldira

2024ko azaroaren 9an, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gaudela adierazi genuen Bilbon Euskalgintzaren Kontseiluko kideok, ELEN Europako Hizkuntzen Sarearen Batzar Orokorraren babesarekin. Ez da erraza inoren egoera larria dela aldarrikatzea, are eta gutxiago norberarena. Baina, zoritxarrez, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuren azken hamarkadetako susperraldia eten dela erakusten duten zantzuak nabarmenak dira.

Hainbat dira zerrenda genitzakeen datu eta joera soziolinguistikoak, baina alarma piztekoak dira eremu euskaldunenetan atzera egiten ari dela euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera dela euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea. Zifretara etorrita, hiztunen % 17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak adina edo gehiago erabiltzen dutenak. Beste era batera esanda, hizkuntza baten osasunaren adierazgarri behinena den erabilera soziala ahula da, eta hizkuntza praktikak orokortasunean hartuz oraindik eta gehiago ahultzeko joeran da.

Adierazpen hartan jaso genuen bezala, ahultasun horrek, jakina, lotura zuzena du euskararen eta euskal hiztunen estatusarekin. Izan ere, bere lurraldeko eremu zabal batean euskarari ukatu egiten zaio ofizialtasuna, nor izatearen gutxieneko aitortza, taxuzko politika publikoak aurrera eramateko aukera. Ofiziala den eremuan, berriz, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra. Epai horiek euskararen aldeko neurriak diskriminatzailetzat jotzen ari dira, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunaren 7.2 artikulua bera auzitan jarriz. Are, oldarraldi horrek badu dimentsio politiko eta mediatikoa ere, eta, tamalez, euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugari egiten dira, adostasun sozial zabala urratuz eta gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka eginez.

Eta ezin dugu ahaztu ahultasuna larritu egiten duela globalizazioaren egungo aldaerak. Jendeon mugikortasunak, bilakaera sozio-demografikoak eta bizitzaren digitalizazioak erronka berriak ezarri dizkio euskararen biziberritzeari. Globalizazioaren ondorioetako bat da boteredunak are eta boteretsuago egiten dituela dimentsio politiko, ekonomiko eta sozial guztian, eta hizkuntzen eta hiztun komunitateen arteko botere harremanak ez daude dinamika horretatik salbu. Laburbilduz, globalizazioaren egungo aldaera homogeneizatzailearen eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta minorizatuak are eta zaurgarriago.

Hori guztia aintzat harturik gure burua behartua ikusi dugu larrialdi linguistikoan gaudela adieraztera. Hau da, indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia datorrela. Hizkuntz politikan aurrerapauso sendoak egiten ez badira, bizigarritasun soziala irabazi ordez galtzen hastekotan gaudela.

Gaur hemen, Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz, euskalgintzarentzat hain esanguratsua den Martin Ugalde Kultur Parke honetan baturik, are eta indar gehiagoz aldarrikatu nahi dugu larrialdian gaudela esatea ez dela arrangurarako dei bat; are eta gutxiago etsipenerakoa. Aitzitik, larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa da. Diagnostiko zuzen bat onbideratzea abiatu ahal izateko, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua noranzko egokian jartzeko.

Horixe da Euskalgintzaren Kontseiluak Euskararen Eguneko adierazpen honetan agertu nahi duen borondatea: garaiz gaude euskararen eta euskal hiztun komunitateari etorkizun oparo bat bermatzeko. Sinetsita gaudela etorkizunak euskara ezinbesteko duela guztiontzako oparo eta bizigarri izango bada. Eta, horrenbestez, buru-belarri arituko garela larrialditik indarraldirako bidea bultzatzen, osatzen, egiten.

Badakigu lehen eginkizuna zein den: euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea. Ezinbestean, horretarako deia egiten diegu erakundeei, agintariei, eta oro har, eragile politiko eta sozialei. Lehen mailako auzi politikoa da, urgentea, eta erabakimenez heldu behar zaio.

Aldi berean, Euskalgintzaren Kontseiluko kideok iragan azaroaren 4ko manifestazio ostean hartutako konpromisoan berresten gara: euskararen normalizazioa berriro norantza egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizunean. Larrialditik indarraraldirako bidea bultzatuko duen gizarte itunaren lanketan.

2021ean erein genuen akordio horren hazia Batuz Aldatu dinamikari esker, Euskal Herri osoko 110 eragile sozial normalizaziorako bidean ezinbestekoak diren bi oinarriren gainean ados jarrita: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoak bultzatzeko konpromisoan. Amaitzear den 2024 honetan akordio bide hori sakontzea izan da Kontseiluaren eginkizun nagusietako bat, Batuz Aldatu dinamikaren baitatik sortutako Talde Eragilea lagun hartuta, abiaburuko bi norabidetzeak mami zehatzagoz betetzea. 2025ean gizarteratuko dugu lanketa horren emaitza. Ekarpena egitera gatoz.

Hain zuzen ere, sinetsita gaude 2025a urte garrantzitsua izango dela euskararentzat eta euskal hiztun komunitatearentzat: larrialditik indarraldirako bideari ekingo diogula, noranzko berri bati. Ildo horretan, erakunde, agintari, eta eragile politiko eta sozialei eskaera zehatza egin berri diegu. Halaber, Kontseiluko kideok adierazi dugu zein den gure borondate eta konpromisoa. Baina larrialditik indarraldirako biratze honek guztion premia du; euskararen alde, hizkuntz berdintasunaren alde, eta, funtsean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sinesten dugun guztiona.

Horregatik, prozesu honen parte izatera gonbidatzen ditugu herritarrak. Guztiok daukagu ekarpena egiteko aukera. Esaterako, egunerokoan euskaraz arituz eta aritzea erraztuz, euskaltegietara joateko urratsa eginez edo ingurukoak animatuz, euskal herritar berriei euskara eskainiz, hizkuntz eskubideen urraketen aurrean Euskararen Telefonora edo Behatokira joz, hastear den Durangoko Azokan euskal kulturaren unibertsora hurbilduz: finean, euskaraz biziz, euskaraz bizitzeko aukera emanez… Baina eguneroko horiez gain, 2025ean izango dira ekarpena elkarrekin, saretze sozialaren bidez, egiteko aukerak: Euskaraldia dator udaberrian. Eta larrialditik indarraldirako bidea akordio sozio-politiko berri baten bidez egiteko urratsean, mobilizazio sozialerako gonbidapenak ere izango dira. Eskuz esku eta besoz beso, elkarren ondoan aritzeko proposamenak. Berriro diogu, prozesu honek guztion beharra du, guztiok egin dezakegu ekarpena.

Ekarpenez ari garela, eta kulturgileen ordezkariak gaur hemen gurekin ditugunez, haien lanaren azpimarra egin nahi dugu, prekarietate gorriaren arriskua beren gain hartuz, haiek eskaintzen baitigute euskaraz bizi ahal izateko unibertsoa. Zoru hori sendotzea izango da larrialditik indarraldira igarotzeko gakoetako bat.

Azkenik, 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren testuinguruan, mobilizazio sozial handi baterako deia egingo dugu. Prozesu baten emaitza izango dena, eta ziklo berri baten abiaburu. Ez da erronka makala, baina itxaropentsu eta prest gaude. Datozen hilabeteetan mobilizazio honen nolakotasuna adostu eta iragarriko dugu.

Beraz, itxaropen eta ekimenez jantzita jar gaitezen etorkizunera begira. Garaiz gaude. Bagoaz larrialditik indarraldirako bideari ekitera. Eskuz esku, besoz beso. Euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz biziko gara. Etorkizuna, euskaraz!

Martin Ugalde Kultur Parkea
2024ko azaroaren 30a

Erantzun

Sartu