UEUren Natur Zientzien sailak eta EuskalNatura elkarteak antolatuta, Natur Zientzien VI. Topaketa (NZ6T) izango da 2025ko azaroaren 15ean eta 16an, Iruñean, Nafarroako Uninertsitate Publikoaren Arrosadiako kanpusean. Besteak beste, "omikak" dira aztergai egitarauan. Eta zer dira "omikak"? zenbait ildo zientifiko biltzen dituen termino berria, atzizki baten ondorio: genOMIKA, proteOMIKA, eta biologia molekularraren ingurunetik sortu dira diziplina batzuk daude barruan.
"Bidea etorkizun" lelopean honako galderei erantzun nahi die antolakuntzak: "Gizartea etengabe ari da garatzen, eta ingurumen zientzietan ere nabaritzen da hori. Eragina onuragarria ala kaltegarria izango al da? Natur zientziak teknologia berrietara ongi egokitzen ari dira? Teknologia berrien aplikazioak, ikerketak, oztopoak, erronkak… "
Lau modulotan antolatu dute edukia:
- Adimen artifiziala,
- Omikak,
- Trantsizio energetikoa
- Hiriak eta naturguneak.
Horiez gain, mahai inguruan ingurumen hezkuntza landuko da. Poster saioan natur zientziei lotutako edozein gairi buruzko posterrak aurkeztuko dira. Egitarau osoa hemen, eta izena emateko, UEUren webgunetik.
Omika horien inguruan, hona definizio bat diziplina nagusiak biltzen dituena, Neiker ikertegiak emandako definizioan:
- genomika: organismo baten genoma osoaren azterketa, hau da, organismo batean dauden gene guztien azterketa. Genetikak aldiz, geneen banakako azterketa egiten du.
- proteomika: organismo edo sistema batek sortzen edo aldatzen duen proteina-multzo osoaren eskala handiko azterketa. Proteinen egitura eta funtzioa aztertzen dira, bai eta proteinen arteko elkarreragina ere.
- transkriptomika: zelulan transkribatutako RNA multzoen karakterizazio eta kuantifikazioaren azterketa. Ez ahaztu informazioa duen DNAren eta funtzioa beteko duen proteinaren arteko osagai molekularra dela RNA.
- metabolomika: prozesu zelularren funtzionamenduaren ondorioz sortzen diren metabolitoen (molekula txikiak) profilaren azterketa. Metabolitoak lagin biologikoetan aurki daitezke.
- metagenomika: lagin bateko organismo guztietatik (eskuarki mikroorganismoetatik) isolatutako eta analizatutako nukleotido sekuentzia guztien egitura eta funtzioaren azterketa.
- epigenomika: zelula baten gertatutako aldaketa epigenetikoen azterketa. Epigenoma deritzo DNAri lotu eta honen funtzioa aldatzeko gai diren konposatu kimiko eta proteinen multzoari.
Erantzun
Sartu