Teknologia albisteak

Etiopia berrargitaratua (eta tirantezko galtza laranjaz)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-12-02 : 08:52

1978an kaleratu zuen Etiopia Bernardo Atxagak, Pott Liburutegia sailaren barruan, 300 aleko argitalpen artisau samarrean. Ia 50ren buruan, Erein argitaletxeak berrargitaratu du poema-liburu ezaguna. Tartean, 1983ko beste edizio bat izan zen bakarrik, eta Ruper Ordorikak konposatu zion edizio musikatua nolabait esatearren, Hautsi da Anphora diskoa.

 

1978ko Etiopia auto-edizioa izan zen funtsean, 300 ale Portugaleteko inprimategi batean eginak. 1983an egin zen edizio zabalduago bat, Ereinen eskutik.

1983koa atera zuen argitaletxe berak egin du 2024ko lan hau. Edizioa Jon Arangurenen ilustrazioekin apainduta dator, eta Iñaki Aldekoaren hitzaurrea du, baita ere Anari abeslariaren hitzak liburuaren kontrazalean.

Idatzizko edizioez gain, esan daiteke Etiopiak edizio musikala ere izan zuela 1980an. Hautsi da anphora, Ruper Ordorikaren diskoa, Etiopiako hitzetan oinarritua. Berriki, Ruper Ordorikak Abadi Saria jaso duelarik, disko hartako kantu bat, Etiopiako poema bat alegia (Eguneroko bizitza), bideoklip gisa berregin dute. Kolorezko galtza laranjaz jantzirik agertu ziren hartarako Bernardo Atxaga bera, eta beste lagun mordo bat. Hona bideoan: 

2024ko edizio berri honetatik, Iñaki Aldekoaren hitzaurretik, lehen hitzak.

"Bernardo Atxagaren Etiopiak (1978) abangoardiaren espiritu errebelde eta subertsiboa ekarri zuen euskal poesiara. Izan ere, artean inork erakutsi ez zuen erabakitasun eta kemenez jarri zituen hankaz gora poesiaren eta bizitzaren arteko harreman konbentzionalak. Poesia ez zen ezer bizitza irauli ezean. Rimbaudek bizkarra eman zion literaturari; eta Etiopiako poeta ere ez dago hutsalkeria estetizistarekin konformatzeko. Abentura berri bat zuen helburu, giza balioak oro hankaz gora jar tzearen abentura, hots, botereari eta haren euskarri den ziutateko lengoaiari mingaina ateratzea".

Eta Anarik kontrazalerako idatzitako pasarte bat:

"Poeta bakar batzuek dute ahalmena lengoaia literario propio bat sortu eta harekin hizkuntza bera ere multiplikatzeko. Atxagaren mitxeleta, ziutatea, apatrida bezalako hitz eta adjektibo kalifikatiboek eta metafora liluratzaileek betirako zartatua, liburu honen irakurketa obsesibotik hasi nintzen ni idazten. Egun berrirakurrita, bere laburrean, liburu infinitua iruditzen zait. Aipaturiko poemez gainera, pasarte narratibo diferente eta zoragarriz betea. Etiopiak ia mende erdi egin duen honetan, orainetik eta oraindik, «berresan ahal ditu zenbait hitz etorkizunaz ere".

 

Etiopia, 2024ko edizioan Ereinen webgunean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: