Teknologia albisteak

Euskal Herrian geokokatutako Wikipediako artikuluak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-12-10 : 17:05

Galder Gonzalez wikilari saiatuak Wikipediako euskal edukien estatistika kalkulatu bat atera berri du: zenbat artikulu dauden geokokatuta Euskal Herrian. Hau da, tokiak, eraikin eta antzekoak eta kasu batzuetan gertaerak ere geokokatu daitezke Wikipedian, eta mapetan agerrarazi. Eta hortik datua, 15.414 artikulu daude Euskal Herriko mapan jarrita euskarazko Wikipedian.

 

 

Lau Wikipediatako artikuluak zenbatu ditu Gonzalezek, eta hona emaitzak:

  • Italiera: 946 artikulu.
  • Frantsesa: 2.219 artikulu.
  • Gaztelania: 5.347 artikulu.
  • Euskarazko Wikipedia: 15.414 artikulu.

Bisualizazio baten bidez mapan jarrita, konparatu ditzagun:

Bisualizazio hauek egin ditu Galder Gonzalezek Quarry tresnarekin (kodea hemen), QGis software kartografikoarekin eta Gaindegiaren geruza grafikoarekin.

Euskarazko datuei 3D ikusmira bat emanez, 2x2 km-ko hexagonoak ere marraztu ditu Gonzalezek, eta artikuluak lauki horietan metatzen direnean, dorreak doaz gora... ikus bisualizazio hauek, Aerialod tresnarekin eginak:

Beste bista batzuk hemen. Ondorio moduko bat: Lapurdi iparraldeko zonalde batzuk eta Nafarroako Erribera nahiko huts geratzen zaizkigu, eta hiri batzuk ondo populatuta. 

Bonus track

Goikoarekin erlazio zuzenik ez duten grafiko batzuk jarraian, euskarazko Wikipedia ondo dabilela erakusteko. Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendan 2024an gehien hobetu duen hizkuntzada euskara. Urtea 14. postuan amaituko dugu, eta jada gora begira, alemana gainditzeko bidean.

Beste sailkapen batzuetan dugun forma onarekin konbinatzen da goiko datua,

Abendutik abendura egindako urtebeteko neurketan (abenduaren 3ko dataz), 24.282 artikulu gehitu zaizkio Wikipedira, 8.5 milioi hitz gehiturik. Horrela 90 milioi hitzera iritsi da euskarazko Wikipedia:

Eduki gehikuntza horretan, 5.231 artikulu izan dira emakume biografiena. %30 hazkuntza alor honetan, euskarazko Wikipedian 22.366 emakume daudelarik honezkero. Jada 25. hizkuntza gara emakume biografia kopuruaren arabera, eta ehunekorik handiena duena lehen 30 hizkuntzen artean.

 

Erantzun

Sartu