Teknologia albisteak
6

Sustatu: 15 urte teknologia berrien inguruan informatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-11-16 : 09:19

2001eko azaroan jaio zen Sustatu, Euskal Herriko lehenengo weblogaCodesyntaxen eta Goienaren ekimenez. Garai hartan sumatzen genuen hutsune bat bete nahian sortu genuen Sustatu, batez ere Teknologia berrien inguruan euskaraz informatzea. Pozik gaude 15 urte hauetan egindako ibilbidearekin; eta gogotsu beste 15 urte helburu berberen alde borrokan jarraitzeko. Eskerrik beroena bidaide izan zaituztegun guzti-guztioi!

Egunotan zorioneko gaude Sustatukideok. Izan ere, 15 urte bete ditugu hil honetan eta Interneteko ekimen batek 15 urte irautea, ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula, are gutxiago euskarazko ekimen baten kasuan. 

2001eko azaroaren erdialdean argitaratu zen Sustatu.com (garai hartan .com baitzen), egun batzuetako proba fase baten ondoren. Orduan plazaratu genuen, hortaz, euskarazko lehenengo weblog kolektiboa izan zena. Hasierako helburuak oso garbiak ziren, eta esan dezakegu gaur egun ere bere horretan eusten ditugula: Teknologia berrien inguruan informatzea, euskaraz, guztia ere software librearekin, eduki libreak bultzatuz eta edozein erabiltzaileren ekarpenak onartuz, Zeuk idatzi botoi handi bat hasiera-hasieratik jarriz. Orain ohikoago diruditen oinarri horiek, ez pentsa batere ohiko zirenik 2001 hartan.

"Teknologia - Ekonomia - Kultura" lelopean sortu zen Sustatu, Codesyntax eta Goienaren ekimenez sortu ere. Hasierako lantalde hartan zeuden Garikoitz Araolaza (programazioa), Maite Rementeria (diseinua), eta batzorde editorialeko Luistxo Fernandez, Iban Arantzabal, Mikel Irizar eta Joxe Arantzabal. 

Horrelaxe zegoen jasota Sustaturen sorrerako oinarrietan; gaur egun ere, halaxe eusten diogu: "Sustatu ez da berez "euskara bultzatzeko ekimen bat", baizik eta gai profesionalei buruzkoa, hori bai, euskaraz egina irakurle euskaldunentzat. (...) Badaude euskaldunak teknologia berrietan eta Interneteko eremuan lanean, baina ez da komunitate bat, baizik eta talde sakabanatu bat; komunitate hori bultzatzen partaide izan nahi du Sustatuk".

Pozik geundeke hasierako helburu horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, gauzatu izan bagenitu. Batetik, euskaraz informatzea, batez ere, nahiz ez bakarrik, teknologia berrien inguruan; bestetik, euskal internauten komunitatea sendotzeko baliagarria izatea. Tinko eta animoso jardun dugu horretan, behinik behin.

Etorkizuna aurreikusiz

Etorkizuna aurreikusiz. Horrelaxe hasi zuen bere ibilbidea Sustatuk, Joxe Arantzabalek idatzitako Zenbait iragarpen datozen hamar urteotarako lehenengo artikulu harekin. Harrezkero, 15 urte luzez, Sustatuk bere ahalegina egin du (eta uste dugu bere ekarpena ere egin duela) Internet eta Teknologia berrien inguruan luze eta zabal informatzeko eta mundu mailan sortzen diren berrikuntzak gurera ekartzeko. Informatzeaz gainera, saiatu gara, era berean, Teknologia berrien gaiak ohiko bihurtzen euskaldunontzat; baita eremu honetako hitzak normalizatzen ere (a bildua, e-mail, webgune, traola, irisgarritasuna... bezalako terminoen inguruan maiz jardun dugu Sustatun). Gainera, ahalegin berezia egin dugu euskal garatzaileek denbora-tarte honetan sortutako produktu eta erremintak aurkezten eta bistaratzen (garai bateko Zabaldu, Ttiki, Euskalbideo edota Aurki; .EUS domeinuaren gorabeherak, blogen eta blog komunitateen oihartzunak, berriagoak diren Euskalbar edo Game Erauntsia ekimenak,... adibide txiki batzuk besterik ez dira Sustatun aipatu ditugun ekimenen zerrenda luze horretan). Eta sarean euskararen presentzia indartzeko egon diren hamaika proiektu sustatzen ere ahalegin berezia egin dugu, dela Twitter euskaraz, euskarazko Wikipedia, edota beste makina bat ekimen.

Poza ematen digu jakiteak, Interneten lehenengoz murgildu den belaunaldi oso batek, beharbada Sustatun entzun zituela lehenenbizkoz eta euskaraz hainbat kontzeptu, hala nola, irisgarritasuna eta erabilgarritasuna, eBook, Smartphone, a bildua, traola, Reponsive Design eta beste hainbat. Edota Sustaturen bidez ezagutu zituela aurrenekoz, agian euskaraz erdaraz baino lehenago, Firefox, Gmail, Youtube, Twitter edo GoogleTranslate bezalako tresnak.

Euskaraz nabigatzearen aldeko kanpainek ere indar handia izan dute gure historia labur honetan. Nabigatzailea euskaraz konfiguratu beharraz eta nabigatzaile libre eta euskaldunen premiaz lerro eta artikulu moooordoa bete ditugu. Lizentzia libreen kontua ere mantra bezalakoa izan den bezala guretako hasiera-hasieratik, CC-by-sa lizentzien alde egin dugularik han eta hemen. 

Zenbait datu eta estatistika

15 urte hauetan 10.987 artikulu original argitaratu ditugu Sustatun. Gainera, denbora guzti honetan idatzitako artxibo oso-osoa online dago; artikulu guztiak euren jatorrizko URLarekin. Hori ere ez da marka makala! Gure teknikarien abilezia! Artikuluekin batera, 9.500 argazki ere sareratu ditugu eta 20.000 erantzun baino gehiago utzi dituzte gure erabiltzaileek (zenbaezina azkenaldiko Twitter bidezko mezu-trukea, jakina).

Webguneetako erabilera-estatistikak publiko egin beharra ere defendatu dugu, are gehiago diru-laguntza publikoz lagundutako webguneen kasuan. 2005etik publikoak dira gure estatistika guztiak. 

Urte guzti hauetan, orotara, 5.000.000 bisita baino gehiago jaso ditugu, eta 1.750.000 erabiltzailek kontsultatu dute Sustatu, guztira 10.000.000 orrialde bistaratuz.

Kronologia bat gure historia txikirako

2001-2003 HASIERAKO URTEAK


2004-2008 BLOGEN GARAIA

2009-2013 INTERNETEKO ALBISTEGIA

  • 2009 - Urtarrila: Twitteren kontua sortuko dugu (Umap rankinean top-ean gabiltza euskarazko txiolarien artean). Handik gutxira, Facebook eta Twitter bidez erantzuteko aukera ere inplementatuko dugu webgunean.
  • 2009 - Udazkenean berrikuntza handia izango dugu: laranjatik berdera aldatuko dugu gure irudi grafikoa eta, horrekin batera, askoz diseinu bisualagoa hartuko du Sustatuk, argazki eta bideoei leku handiagoa eginez. 
  • 2009 - Tagline berria ere hartuko dugu: Interneteko albistegia.
  • 2009 - Abenduaren 13a. Maialen Lujanbio txapeldun, Sustatun sekula gehien irakurri diren artikuluen artean dago. Aste batzuk lehenago, beste bertsolari baten jarrerak ere oihartzun handia izan zuen, Silveiraren potoak eta haserreak.
  • 2010 - Aurreko urteko aldaketa tekniko eta grafikoen ondorioz, izugarri indartzen da Sustatu. Bisita aldetik garairik onena izan zen 2009-2012 artekoa.
  • 2011 - Sustatuk 10 urte bete zituen.
  • 2012 - 10 urteren ondoren, azpiegitura teknikoa goitik behera aldatuko diogu Sustaturi. Zope eta Squishdot zaharretik, Django berritura igaroko gara. Itxuraz ere askoz bisualagoa da Sustatu, garai berrietara egokituz, betiko moduan. Logo berria (berritua) ere badauka. Garai berriak, Sustatu berria; etengabe moldatzen, egokitzen, eguneratzen,...
  • 2012 - Abuztua. "Sareko albistegi automatikoa" jarri genuen martxan. Twitterren euskaldunok gehien aipatzen ditugun artikuluen eguneko errepaso automatikoa egiten du gure robotak. Hona hemen garai hartako itxurarekin.
  • 2012 - Google Currents aurkeztu genuen, eta Sustatu bertara egokitu.
  • 2013 - Diseinuari ikutu batzuk gehiago, tartean, mugikorretara egokitu genuen (Responsive Design aplikatuz) eta Sare sozialekin are integrazio handiagoa bideratu genuen.

2014-2016 ALBISTEGI TEKNOFILOA

  • 2014 - Euskaldunon komunitateari bere lekua aitortu zitzaion sarean, .EUS domeinua. Sustatu egon zen hasierako aitzindarien artean; Sustatu.eus gara harrezkero. 
  • 2015 - Azken egokitzapen eta aldaketa txikiak, teknikoak zein grafikoak. Oraingo itxura hartuko du Sustatuk, Mobile First ikuspegiarekin diseinatua, goiburuko argazki destakatuekin eta menu berriarekin. Tagline berria ere estreinatu genuen: Teknofiloen albistegia.
  • 2015 - Euskarazko Internet mundua asko aldatu da 15 urtean. Askoz eragile gehiago dabiltza Interneten euskaraz eta Sustatu egoera berri horretara egokitu behar da, aurreko 15 urteetan egin duen bezala. Hala ere, orain ere balekoak dira 2001ean jarritako erronka eta helburuak: IKT/Internet kontuetaz informatu, azken berrikuntzak Euskal Herrira eta euskaraz ekartzeko

2016 - ... ETORKIZUNA ZAIN DUGU

15 urte bete ditugu elkarrekin. Eskerrak eman nahi dizkizuegu hor egotearren. Pozik gaude egindako ibilbidearekin; eta etorkizunari aurre egiteko prest. Hasierako asmo eta helburuei eutsiz. Teknologia berrien inguruan euskaraz informatzeko; lizentzia libreen alde egiteko. Eta, azken batean, gu guztion artean Interneteko euskaldunon komunitatea indartzeko. Betoz beste 15 urte!

Erantzunak

2016-11-16 : 09:42

Zorionak, Sustatu!! Ea beste 15!!

2016-11-16 : 10:02

15 urte, lagunok!! :__) ZORIONAK!!
Beste 15en bila!!

2016-11-16 : 10:25

Eta eskerrik asko, eh? ;-)

2016-11-16 : 10:33

Zorionak, benetan, eta @jozulin-ek esan daben moduan, eskerrik asko!

2016-11-16 : 15:47

Zorionak, Sustatu, eta betoz beste 15 urte!

2016-11-16 : 22:49

Zorionak eta eskerrik asko.

Erantzun

Sartu