Teknologia albisteak

Javier Principe Cikautxo kooperatibako presidentea hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 09:10

Javier Principe, Cikautxo kooperatibako presidentea, joan den astean hil zen, 46 urterekin. Euskararekin eta euskalgintzarekin konprometitutako gizona, Indeus plataformaren bultzatzaileetako bat izan zen.

Cikautxoko zuzendaritzan, enpresa industrial honek euskara planak eta euskara batzordea izan zezan lan egin zuen Principek. Eta Indeus industriaren euskal plataforma sortu zenean, SPRIren baitako lantaldea, hasieratik jarri zuen Cikautxo ekimen honetan.

1971an sortu zen Cikautxo kooperatiba kautxoaren langintzara dedikatua, Berriatuan, nahiz eta gaur egunean polimeroak eta beste plastiko batzuk lantzen dituzten. 2.500 langile baino gehiago dira, eta lantegiak dituzte hainbat herrialdetan, Estatu Batuak, Mexiko, Txina, India eta Txekian besteak beste. Cikautxo Mondragon kooperatiba taldearen parte da. Enpresaren 50. urteurreneko ekitaldian, 2021ean, izan zen Javier Principe, hemen kronika bat.

Elkarrizketa batean ikus dezakegu hemen, euskara batzordeko buru Ramon Mendigurenekin batera. Javier Principeren aburuz, nazioarteko zabalkundean euskararekin Cikautxok izandako esperientzia baliagarria izan zen. “Erronka polita izan zen hizkuntza politika lantzea. Euskara kudeatzera ohituta geundenez, honek asko lagundu digu beste hizkuntzak txertatzen", dio elkarrizketa horretan Principek.

 

 

Erantzun

Sartu