Medikuak esan dit minbizia dudala
Joan den asteartean lanetik irten eta masaje bat hartzera joan nintzen. Esan nion Pablori nola hiru egun lehenago lasterka egin eta min hartu nuen eskuineko hankan. Baina hankan ezezik, barean ere min nuela, zilborretik ezker aldera. Sabel ingurua ukitu eta konturatu zen ezker aldea handituagoa nuela bestea baino. Zutik egonda ez zen hain ondo nabaritzen, baina etzanda bai. Gomendatu zidan medikuarengana jotzea.
Biharamonean, beraz, irailaren 11n, Elorrioko anbulatoriora deitu eta medikuak ordua jarri zidan arratsaldeko 13:10erako. Esandako orduan, hantxe ginen Bego eta biok. Medikuaren erabakia: Galdakaora lehenbailehen, analisiak-eta egiteko.
Zer gerta ere, poltsatxo bat prestatu eta abiatu ginen. Autotik Fredi deitu nion, atzeratu egin beharko genuela 16:00etako bilera. Zorterik onena opatu zidan. 16:30erako gela berezi batean nengoen, ohean. Amantal urdin bat jantzi zidaten, ipurdia bistan uzten duten horietakoa. Odola atera zidaten, tenperatura hartu eta plakak egin. Halako batean bi mediku gaztek esan zidaten erabaki zutela ni ospitaleratzea.
Odol kontuak ote?
Ordurako, garbi zegoen zerbait banuela eta ez zela oso ona. Bego lasai zegoen eta lanpetuta, telefono deiak egiten eta erantzuten. Ni, berriz, gainbehera. Konturatzen nintzen mediku gazte haiek bazekitela zerbait eta sentitzen nuen erruki errainu bat euren begiradetan. Eta burua hasi zitzaidan bueltaka: Miren txikia ikusten nuen, osasunez betea eta jostari. Bego ere, bakarrik. Eta ni, gero eta urrunago eta elbarriturik.
Negar egin nuen gela hartan, negar behin eta berriro. Eta lotsatu egin nintzen hainbeste negar egiteaz. Lasai, laztana, egin negar, horrek lasaitu egingo zaitu eta. Bego nuen aldamenean, animoak ematen. Ez ahaztu elkarrekin goazela bidaia honetan. Beti zurekin izango nauzu. Maitasunaren hitz eztiak. Aitor eta Ana agertu ziren, eta nik berba egin ezinka. Jose Antoniok deitu zuen gero fakultatetik, animoak ematen.
Halako batean, zazpigarren solairura igo ninduten, hematologia sailera. Begoña agertu zen orduan, arreba zaharrena. Ordubete-edo egin genuen berbetan, huntaz eta hartaz, nahiko lasai. Gauean, berriz, itzuli egin ziren mamu guztiak. Oraindik ez genekien garbi zer nuen eta horrek disparatu egiten zidan irudimena. Ez zegoen burutazio sanorik, baina. Gaua bera amesgaizto bukaezina bihurtu zen eta ez nuen apenas lorik egin.
Medikuarekin berbetan
Ostegunean, hilak 12, Jesus Ojanguren agertu zen, zazpigarren solairuan egokitu zitzaidan medikua. Galdera asko egin eta ni ondo miatu ostean, esan zidan: Hasiera-hasieratik, garbi hitz egingo dugu. Zuk linfoma bat duzu. Eta linfoma da minbizi mota bat, linfa sisteman eragiten duena, gorputzaren defentsa-sisteman. Hala ere, oraindik falta zaigu jakitea gaitzaren abizena. Hori dakigunean, jarriko dizugu tratamendu berezi bat, sei-zortzi hilabete iraungo duena eta nahiko gogorra dena: ahul sentituko zara, goragaleak izango dituzu, infekzioak harrapa ditzakezu, ilea eroriko zaizu, etab., etab. Baina kontuan izan gaitz hori osatu egin daitekeela eta jende asko osatzen dela.
Pozik nago
Ordu erdiz edo, egon ginen hitz egiten. Eta medikua joan zenean, pozik geratu nintzen. Banuen motiborik horretarako:
- Behingoz, banekien zer nuen. Ez dago gauza txarragorik ezjakinean egotea baino.
- Linfoma hau ez da erasokorra eta astiro doa garatzen.
- Printzipioz behintzat, ez didate organorik kenduko.
- Nik dudan linfoma senda liteke.
- Galdakaon omen dago Euskal Herriko mediku-talderik onena hematologia kontuetan. Hau jakin izan dut beste batzuen bidez.
Beraz, badakit zer dudan eta gertu nago zezen hau toreatzeko. Badakit urtebete gogorra dudala aurrean, baina ni fondoko lasterkaria naiz, distantzia luzeetan ohitua, eta prest borroka egiteko. Jende asko izango dut alboan: Bego eta Miren, familia, lagunak eta lankideak. Ezin naiz kexatu.
Astebururako baimena eman didate etxera etortzeko. Gustura ikusi ditut berriro Anboto eta Udalatx. Besarkatu egin ditut neureak eta gozatzen nabil eguraldi ederraz. Esteiñibar baserriko mahastiak ikusi ditut atzera, eta a zer nolako sentimenduz abestu diodan Mireni Loa, loa !.
Astelehen goizean ospitalera joango naiz berriro, oraindik ere hainbat proba egin behar didate eta. Eta hurrengo astelehenean, irailaren 23an, hasiko da tratamendua: kimioterapia, etab.
Abisu bat dut, ordea, minbiziarentzat: ilea motz-motz eramango dut.
Erantzunak kargatzen...