Teknologia albisteak

Pilotu automatikoa, edukia aurkitzeko modu berria Sustatun

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-08-03 : 14:46

Azken egunetan ikusiko zenuten agian nola albiste batzuk ohar berde batzuekin agertzen ziren Sustatuko azalean. Edukiaren aldetik ere desberdinak ziren post horiek: estekak dira kanpoko edukietara; baina Sustatun ere gordetzen dute edukia, euskarazko tuitek osatutakoa. Sistema berri edo pilotu automatiko honek Twitter arakatzen du, eta interes gehien biltzen duten estekak ekartzen ditu Sustatura.

Albiste automatikoetako elkarrizketak

Albiste automatiko hauen atala bisitatzen baduzue, ikusiko duzue nola batzuetan esteka horien edukia erdaraz egon daiteke. Baina eragin duten elkarrizketa euskaraz da: sakatu lauki berdeetan eta ikusiko duzue. Hona, Diario de Noticias egunkariko iritzi artikulu batena. Izenburua eta lerro batzuk automatikoki erauzi ditugu, eta gaztelaniaz daude, baina bildu diren iruzkinak, euskaraz, ikusten duzuen bezala. Era berean, osatzen diren elkarrizketak bikoitzak izan daitezke: Twitterretik jasotako euskarazko mezuez gain, Sustatun bertan login eginda erantzunak utzi daitezke.

Atal automatikoa martxan utziko dugu abuztuan. Ea nola dabilen. Bakar-bakarrik utzita ere, edukia kargatuko dela uste dugu. Jausi ere egingo da uneren batzuetan, beharbada. Beta jarri diogu izenburuan, badaezpada. Batzuetan, izenburu eta sarrerak ukituko ditugu eskuz, editoretzak oporretan tarterik hartzen badu. Eta beste batzuetan, gainera, albisteetako batzuk azalera ekarriko ditugu. Albo-zutabean automatikoki detektaturiko azkenak ere ikusiko dituzue, koadro batean:

 Albiste automatikoak Sustatun

Detaile teknikoak

Sistema automatiko honen aurrekariak bi dira:


Umap bisitatzen baduzue gaur, ikusiko duzue etenda dagoela jarduna. Kolapso egoera batera iritsi zen sistema, sortu zenean 1.000 erabiltzaile euskaldun baitzeuden. Baina aurten, 5.000tik gorako muga igaro zen, eta horrekin, Twitterren denak jarraitzea ezinezkoa izan da.

Kolapso egoera horrek alde ona izan du: hausnarketa egin genuen CodeSyntax-en, nola eraldatu proiektua, onerako ahal izanez gero. Hortaz, Twiterreko erabiltzaile guztiak jarraitu beharrean, interesgarrienak aurkitzeko prozesu berri bat martxan jarri genuen, eta horrekin batera, bertan sortzen zen edukirik interesgarriena nola destakatu.

Eduki interesgarriena zera zela pentsatu genuen: jendeak trukatutako estekak eta haien inguruan sortutako elkarrizketak. Horixe da, hain zuzen ere, makinaria berri honek Sustatura dakarrena.

Hor duzue bada, pilotu automatikoa. Ea zer deritzozuen.

Erantzun

Sartu