Banda zabaleko konexio gero eta ugariagoekin, Internet bideoak zabaldu eta ikusteko erabiltzen du gero eta jende gehiagok. Izen bat nagusi, Youtube, bideoak kargatzeko oso erraza delako, eta bertakoak blog batean ikustarazteko ere bai. Adibidez, atzo Irakeko indarkeriaren azken adibidea, soldadu britainiarren krudelkeriarena, ikusgai aurkitu dugu gaur blog euskaldun batean.
Interneteko bideogintza, normalean, minutu gutxi batzuetako klipak dira. Zapping-saio baten gisa, blogetan horrela agertzen dira, batzuetan norberak kargatuak, beste batzuetan telebistako une hautatuak, besteetan saretik zirkulatzen duten txorakeria horiek.
Horien biltegi handiena, YouTube da. Azken hilabeteetan, eremu honetan lehia igarri da, eta argazkietan Flickr nagusitu den bezala, ikusteko dago zein izango den bideogintzako Flickr. Baina hedapenagatik, lortzen ari den trafiko eta izenagatik, badirudi YouTube dela nagusi oraingoz.
Euskaldunak ere dira Youtube erabiltzen. Nork bere bideo puskak gehitzeko, batzuetan, edo telebistako une hautatuak jartzeko.
Eta kargatu bezala, blogetan itsatsi ere bai, YouTube-k eskaintzen duen kode puska pegatzearekin nahikoa baita blog gehienetan bideo-jogailu bat agerrarazteko. Adibideak ikusi ditugu IKTeroen artean, eta baita Blogak.com-en sortu den bideo-blog berri batean:
Blog bidezko bideogintza, YouTube bezalako biltegi erraldoiak... Etorkizuneko telebista zer izango den esparru honetan ere ari da definitzen, seguruenik.
Erantzun
Sartu