Teknologia albisteak

PuntuEus domeinuak 92 aitzindari ditu

Erabiltzailearen aurpegia
PuntuEus Fundazioa
2014-06-28 : 13:02
Gaur .EUS domeinuaren ibilbidean beste urrats handi bat ematera goaz. Apirila bukaeran aditzera eman genuen gisan, gaur hasi eta abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, .EUS Domeinuaren Aitzindariak izango dira aktibatuak egongo diren .EUS domeinu-izen bakarrak.
Hilabeteko epea eman genuen proposamenak bidaltzeko eta beste hilabete eman dugu .EUS domeinu-izen horiek erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko urrats guztiak ematen. Eta prozesu horren emaitza eta balorazioa egin nahi dugu gaur. Guztira, 113 domeinu-izen ezberdin proposatu ziren, 92 entitateren eskutik. Hasiera batean 90 Aitzindari hautatuko genituela esan genuen, baina gure muga tekniko erreala 93 zenbakian zegoen. Horregatik, erabaki bat hartu genuen: .EUS Domeinuaren Aitzindari izan nahi duten 92 entitateei aukera emango geniela horretarako. Hortaz, entitate bakoitzak soilik domeinu-izen bakarra eska zezakeen. Horixe zen hautaketarako jarri genuen irizpide bakarra.

.EUS Domeinuaren Aitzindarien zerrenda, zerrenda oso anitza da, izaera, dimentsio eta jatorri ezberdineko entitateak biltzen dituelako. Zenbaki batzuk eman ahal ditugu, duela bi hilabete egin genuen kategorizaziotik abiatuz.

92 horietatik 9 enpresak dira, 23 erakunde publiko, 14 hedabide, eta azkenik, 46 entitate euskal kulturgintza barruan kokatu ditugunak (mota eta sektore ezberdinetako entitateak barnebiltzen direlarik). Horietatik guztietatik 22, PuntuEus Fundazioko kide dira. Aitzindariak kategoriatan banatuta: Aitzindariak.eus webgunean.

PuntuEus Fundazioaren balorazioa

Beste ezeren aurretik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu .EUS Domeinuaren Aitzindari izateko erabakia hartu duten 92 entitateei. PuntuEus Fundazioarentzat eta .EUS proiektuarentzat berebiziko garrantzia du Aitzindarien Programak. Batetik, duela bi hilabeteko aurkezpenean jartzen genituen bi helburuengatik: .EUS Domeinuaren sustapena eta bultzada ekonomikoa. Zentzu horretan, ekarpena modu finantzarioan edo espezietan egiteko aukera irekitzeak, bi helburuei ondo baino hobeto erantzuteko aukera irekiko digu. Modu horretan, .EUS Domeinuaren zabalpenerako kanalak eta euskarriak modu esponentzialean hazi zaizkigu eta, era berean, .EUS proiektuak orain datorkion bidearen hasiera duintasunez egiteko adina bultzada ekonomiko jaso du. Beraz, mila esker berriro, .EUS Domeinuaren Aitzindariei esker .EUS domeinuaren zabalkundea eta ibilbidea benetan oparoa izango dela aurreikusi dezakegulako.

Horiek ziren Aitzindarien Faseari jarri genizkion helburuak, baina bagenekien Aitzindarien Fasetik beste argazki bat ere atera ahal izango genuela. Bagenekien .EUS Domeinua martxan jartzera bidean, komunitatearen partetik izango duen babesari nolabaiteko neurria hartzen lagunduko zigula. Eta zentzu horretan, 92 entitate hauen artean ematen den maila guztietako aniztasuna .EUS Domeinuaren izaera inklusiboaren isla zuzena dela uste dugu. Guk .EUS Domeinua proiektu inklusibo moduan definitzen dugu eta inklusiboa izango bada, badakigu aniztasun hori hasieratik bermatuko delako izango dela. Hortaz, gure ustez, Aitzindarien Fase honek .EUS Domeinuaren izaera inklusiboa bera ere indartzea lortu du. Argi utziz, bide batez, .EUS Domeinua komunitate oso baten domeinua dela. Beraz, PuntuEus Fundazio osoaren partetik, mila esker .EUS proiektuaren parte sentitzeagatik.

Hurrengo fasea: abiarazte-aldia

Bukatzeko, etorkizun hurbilari buruzko zenbait datu. Duela 2 hilabete esan genuen moduan, Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik.

Gaur esan dezakegu, abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko dela. Eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Eta esan bezala, era berean, egun berezi horretan .EUS Domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra hasiko da.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu