Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskaltzaindiak @.ren euskal izena erabaki du

Euskaltzaindiak urriaren 24an Bilboko bere egoitzan egindako bileran, Hiztegi Batuko beste hitz askoren artean, gaurko bizimoduan garrantzi handia daukan sinbolo baten euskal izena erabaki zuen: @-rena hain zuzen.

Dakigunez, posta elektronikoan hainbeste erabiltzen den ikur honek izen ezberdinak dauzka munduko hizkuntzetan, adibidez, ingelesez at, eta alemanek ere horrelaxe darabilte, espainolez arroba, frantsesez arobase, eta italieraz, chicciola ‘barraskiloa’.

Bestalde, euskaraz, erdarazko arroba arruntaz gainera (arabierazko ar-rub-etik mailegatua, euskarak arroa moduan jasoa), izan dira beste zenbait proposamen, batzuk besteak baino serioagoak, hala nola a batua, a bildua, barraskiloa edo txibirita, ezagunenak besterik ez aipatzearren. Hori dela eta, alde batetik nazioarteko batasunik eza, eta gure arteko aniztasuna ikusita, informatikarien aholku eta proposamenak jaso eta aztertu ondoren, Euskaltzaindiak, espainierazko arroba guztiz gaitzetsi ez arren, @ ikur honetarako ‘a bildua’ izendapena hobestea erabaki zuen, euskaldun hiztun eta idazle guztiei eredu jatorragoa eskaini nahirik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu