Sustatuk Argia Saria 2003 jasotzea egin du
Giro onean banatu dira aurtengo Argia Sariak . "La creme de la creme" egon da Txintxardin Beltxa jatetxean. Oso ondo antolatutako ekitaldian (mokadu goxo-goxoak tarteko) Argia Sariak banatu dituzte. Aldizkariko telefonista Olatzek bi abesti eder eta ederki kantatu ditu, eta bertaratu direnek Zumetaren lanen erreprodukzio eta egutegi bana jaso dituzte erregalu bezala. Argiak erakutsi du behin berriz euskalgintzako planetilla guztioak unibertso berean elkartzen. Txintxardin Beltza ere ez da unibertso makala!
Sustatuko editoreak saria jasotzerakoan, weblogean parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie, baita eguneroko lanean bidaialagun dituen Code & Syntax enpresa eibartarreko maisu-maiestrei ere.
Hainbat aurkezlek, Argiakoak denak, Aurtengo Argia saridunak aukeratzeko arrazoiak irakurri zituzten ekitaldian. Hauexek saridunak eta baita antolatzaileek esandako zergatiak:
Argia 2003 irabazleak
- Prentsa idatzia: Nabarra aldizkaria
Euskarazko aldizkarien esparrura bidai lagun berri bat elkartu zitzaigun 2001ean. Baldintza zailetan jaio zen eta baldintza zailetan ekin dio bideari bizitzako lehen urte honetan. Kastari dagokion legez apustu ausarta egin dute eta duintasun osoz, formatu erakargarriz eta kalitatez erantzun diote, euskararen aldeko urrats eta mugimendu guztiak oztopatu nahi dituen Nafarroako Gobernuari.
- Irratia: Euskadi Irratiko Lauretan Babel saioa
Informazioaren munduan gabiltzanok badakigu ez dela batere erraza, eduki interesgarriak modu atseginean eta irakurle, entzule edo ikusleentzat erakargarria eta gustagarria izateko moduan eskaintzea. Saio honetako lantaldeak lortu du kultura eta gizarte gaien ikuspegi zabal eta aberatsa belarrien gozagarri bihurtzea eta informazioa eta entretenimendua era orekatu batean uztartzea. Horregatik eskaini diogu 2003ko ARGIA SARIA Euskadi Irratiko Lauretan Babel saioari, hain justu ere, arratsaldeko laurak aldera.
- Telebista: Euskal Herria lau haizetara
Telebista batez ere irudia da. Baina baita hitza ere. Euskal Telebistaren eskaintzan mugarria markatu duen eta urte hauetan nortasun berezia irabazi duen programa batetaz ari gara. Aurreko urteetako ibilbideari iazkoan atal, irudi eta eduki berriez indartu du. Programa egiten duen lan-taldeak gainera, bidean galdutako lankideen izpiritu, mezu eta lan egiteko moduari eutsi diote, bere txikitasunean Euskal Herria zein ederra, ezezaguna eta interesgarria den ezagutaraziz. Telebistari begira deskubritu dugu Euskal Herria. Bihotzez, elkarrekin bidaiatzen jarrai dezagun Telebista ataleko ARGIA SARIA Lau Haizetara programarentzat izango da aurten.
- Publizitatea: EITBren irudi kanpaina diseinatu duen Publis agentzia
Ez da erraza publizitate munduan nabarmentzea, helarazi nahi duzun mezua gizartean txerta dadin lortzea eta are gutxiago jendearen hizpide bihurtzea. Gutxik lortzen dute hori, medioak eskuartean izanda ere. Sarituko dugun kanpainak hori guztia lortu du: euskal medio garrantzitsu baten irudi erakargarri eta berritzailea gizarteratu du, lehena, oraina eta geroa uztartuz, gure ohiturak mundu zabaleko testuinguruan kokatuz eta komunikazioaren erotika erotikaren komunikazio ere bilakatuz. Harriak, begiak, musika, txapelak eta aulki kulunkariak, hizkuntza publizitarioaren langai hartuta, marka irudi erakargarri, sustraitu eta modernoa sortu dute. 2003ko Publizitate saria Publis Agentziak jasoko du, EITBrako landu duen irudi kanpaina dela medio.
- Merezimenduzko Saria: Herri Irratia
Berrogehi urte bete zituen iaz. Eskarmentu handiko gazte baten aurrean gaude. Frankismo garaian sortua, urte luzetan euskaltzale guztien ereferente ia bakarretakoa izan zen, eta zailtasunak zailtasun, erreferente izaten jarraitzen du. 40 urte luze hauetan asko eman dio euskal komunikazioaren esparruari: profesionalen harrobi eta habi izan da, guztion oroimenean daude euskararen alde antolatutako ekimenak eta jasan dituen erasoak. Euskararen eta Euskal herriaren aldeko mezua, erdaldunen artean ere zabaldu du. Irrati maitatua eta kuttuna. 40 urte hauetako ibilbidea saritu nahi izan dugu, sinestuta, beste horrenbesterako indar, kemen eta ilusio ere baduela. 2003ko Merezimenduzko saria Herri Irratiarentzat izango da.
- Sareko Argia Saria: sustatu.com
Albisteak eta informazioa lantzeko eta aurkezteko modu berritzailea batekin sareratu ziren eta euskal internauten tribuan erreferente saihestezina bilakatu dira denbora laburrean. Informazioa eskaintzeaz gain eztabaida eta hausnarketa bultzatu nahi izan dituzte eta lortu dute. Garai bateko tertulien zaporea, prentsako irakurleen gutunen oihartzuna, ideien erakusleiho eta batez ere, eztabaidarako plaza. Pantaila txiki horretan, euskal munduan dauden iritzien aniztasuna jasotzen eta erakartzen asmatu du. Eta ahalegin hori saritzea eta sustatzea merezi duelakoan, 2003ko Sareko Argia Saria Sustatu.com-entzat izango da.
Zorionak saritu guztiei eta baita, nola ez, etxekoak zareten guztioi. Denon ahaleginarekin Sustatuko lagun taldea handitzea lortu dugu.
Erantzunak kargatzen...