Sustatu logoa Teknologia albisteak

Egunkaria Guardia Zibilak hartuta, eta hainbat lagun atxilotuta

Sustatu - Sustatu
2003-02-20 09:02

Euskaldunon Egunkariaren Andoaingo egoitza, eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñea hiriburuetako bere egoitzak Guardia Zibilak hartuta. Martxelo Otamendi zuzendaria eta beste hainbat lagun atxilotu dituzte.

Oraingo zuzendariaz gain, beste hauek ere atxilotu dituzte:

  • Joan Mari Torrealdai, Jakin aldizkariko zuzendaria eta Egunkariako administrazio kontseiluko lehendakaria.
  • Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkaria.
  • Fermin Lazkano jerente izandakoa.
  • Xabier Oleaga, zuzendariorde izandakoa eta Ikastolen Elkarteko komunikazio arduraduna orain.
  • Pello Zubiria zuzendari izandakoa, eta Argia aldizkariko kazetaria.
  • Txema Auzmendi, Herri Irratiko zuzendariordea.
  • Luis Goia, bazkide sortzaile izandakoa
  • Xabier Alegria

Beste atxilotu bat (10:22) , Inma Gomila. Bitartean Andoain Guardia Zibilak hartua dago. Patrolak eta Guardia zibilak Egunkariako edifizioaren teilatuan.

Sarean, egunkaria.com domeinuan ez da ageri Egunkaria. Konexioak huts egiten du. Joan Mari Torrealdaik zuzentzen duen Jakin aldizkariaren gunea ere, Jakingunea.com ez dago irisgarri.

Miaketak, Egunkariaren egoitzez gain, Ikastolen Elkartearen egoitzan (Donostiako Anoeta auzoan) eta etxe partikularretan izan dira edo izaten ari dira.

Bilboko eta Iru–eko egoitzak zigilatuta. Egunkaria.com eta lotutako beste gune batzuk ez dira ageri sarean. ( azkena 15:00)Euskalgintza, politika, sindikatu... eta abarrekoen hainbat adierazpen oraintxe jasoak

(Azken ordua 14:33) Zapatuan MANIFESTAZIOA egingo da Donostian itxialdi honen kontra. Horixe erabaki dute Andoinen batu diren sindikalistek, politikariek eta euskaltzaleek. Horixe adierazi du Xabier mendigurenek.

Manifestazioa arratsaldeko 5etan izango da Donostian. Antiguo-Bulebar izango da ibilbidea.

Eguneraketa, 11:22: Euskaldunon Egunkariako Zuzendari ordeak esan duenez, orain buruan duten gauza bakarra bihar Egunkaria kalean izatea da. Ahalegin guztiak egingo dira, Xabier Lekuonak Euskadi Irratian esan duenez.

(Eguneraketa 11:34) Jakin aldizkarian sartu da Guardia Zibila, oraintxe Radio Euskadin entzun dudanez. Egunkariako langileak lanean hasi dira, bihar egunkaria karrikan egon dadin ahaleginak egiten. Zuzendari ondokoek eta arduradunek telefonoak interbenituta dituzte.

(eguneraketa 12:00etan )Argiako lagunek esan digute beraien egoitzan ere sartu direla. Beraiek bidalitako gutuna irakurri dezakezu azpian.

(Eguneratua 12:40) Goienako langile guztiok kale agerraldi bat egiten egon gara eta oraintxe heldu gara berriz lanlekura. Gaurko notizia Egunkariari egin diotena da eta horixe jorratuko dugu egun guztian.

Berriak, jakin ahala, erantzunetan eta tarte txiki honetan ere emango ditugu.

(Azken ordua: 13:39 ) Azkarraga justizia kontseilariak egin ditu adierazpenak Bruselatik: Juezek berba egin dezatela eta ordura arte isil dadila Jose Maria Michavila Justizia Ministroa. Aski da!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu