Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskal Herriko 25 (euskal) diskorik onenak, Sustatuzaleen iritzian

Iban Zaldua - Iraganetik
2004-11-29 11:11

Albistea plazaratu zenetik hogeita hamapiko erantzun izan genituen, eta horietatik hogeitaka batzuk zekarten zerrendarako proposamen alternatiborik. Asier Sarasua eta Iban Arantzabal kamaraden laguntza paregabearekin, datu-base bat osatzen joan gara, eta hauxe litzateke emaitza, Rockdelux-ena bezain arbitrarioa, ziurrenik, baina sustatuzaleen iritzia jasotzen duena, nolabait.

Guztira laurogei bat disko aipatu ziren, zeinetatik, zenbaki biribil bat hartzearren, 25 aukeratu baititut, aipu bat baino gehiago jaso zuten disko gehienak multzo horretan sartzen direla kontuan hartuta.

Euskarazko 25 diskorik onenak

Hauek dira, ondorioz, sustatuzale batek etxean eduki beharko lituzkeen 25 disko euskaldunak, ordenatuta:

  1. Hertzainak, Hertzainak (Soñua, 1984).
  2. Ruper Ordorika, Hautsi da anphora (Xoxoa, 1980).
  3. Itoiz, Espaloian (Elkar, 1985).
  4. Mikel Laboa, Bat-hiru (Herri Gogoa, 1974).
  5. M-ak, Barkatu ama (IZ 1989).
  6. Bap!!, Zuria beltzez (Basati Diskak, 1992).
  7. Dut, At (Esan Ozenki, 1996).
  8. Xabier Montoia, Beti oporretan (Esan Ozenki, 1995).
  9. Negu gorriak, Borreroak baditu milaka aurpegi (Esan Ozenki, 1993).
  10. Ruper Ordorika, Gaur (Esan Ozenki, 2000).
  11. Su Ta Gar, Jaiotze Basatia (IZ, 1991).
  12. Lisabö, Ezarian (Esan Ozenki, 2000).
  13. Miztura, Begura (Metak, 2003).
  14. Errobi, Ametsaren bidean (Elkar, 1979).
  15. Negu Gorriak, Salaam, agur (Esan Ozenki, 1996).
  16. Zein?, Seiheun eta bi (Metak, 2003).
  17. Negu Gorriak, Gure jarrera (Esan Ozenki, 1991).
  18. Ama Say, Say ama (Esan Ozenki, 1994).
  19. Delirium Tremens, Ikusi eta Ikasi (Oihuka, 1989).
  20. Fermin Muguruza, Inkomunikazioa (Metak, 2002).
  21. Pilt, Denbora (Esan Ozenki, 1998).
  22. Petti, Amets bat (Gaztelupeko Hotsak, 1999).
  23. Anari, Habiak (Esan Ozenki, 2000).
  24. Mikel Laboa, 14 (Elkar, 1994).
  25. Hiru Truku, Mendebaldeko Euskal Baladak I (Nuevos Medios, 1994).

Puntuak nola eman ditugun

Ponderazioa, beti ere eztabaidagarria, honela egin da: zerrenda indibidualetan agertzen zen lehenengoari 6 puntu, bigarrenari 5, eta abar; seigarrenetik aurrera, puntu bana. Ordena ezartzerakoan, berdinketa kasuetan aipu gehiena zituena hobestu da. Oinarri estatistikoa txikia izanik, edozein botok nahikotxu alda dezake ordena, normala denez gero; baina zerrenda hau beti izango da behin-behinekoa, noski.

Zenbait bitxikeria

Orain artekoari begiratuta, zenbait datu interesgarri ikusten ditut.

  • Oinarri estatistikoa ahula izanik ere, nekez desbankatu ahal izango da Hertzainaken lehenengo LP homonimoa aurreneko postutik: bera da aipu gehien eta, hipotesian, puntu gehien jaso dituena, alde handiarekin.
  • Disko gehien aipatuta dituen artista, zerrendetan, Ruper Ordorika da: zazpi guztira (zortzi, Hiru Trukuren lehenengoa kontuan hartuz gero). Ondoren Negu Gorriak dator, bost aipurekin, eta Bap!!, Itoiz, Kortatu eta Mikel Laboa, hirurekin.
  • Aipu bat baino gehiago izan dituzten diskoak, baina zerrendan azaltzen ez direnak, guztiak bidaltzaileen zerrendetako postu baxuenetan agertzen zirelako, hauek dira: Ruper Ordorika, Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar, 1983); Oskorri, Alemanian euskaraz (Elkar, 1984); Negu Gorriak, Negu Gorriak (Esan Ozenki, 1990); Akauzazte, Ur gardenak (Esan Ozenki, 1998); Su Ta Gar, Hortzak estuturik (Esan Ozenki, 1992); Juan Carlos Perez, Atlantic River (Elkar, 1994); Kortatu, Kolpez kolpe (Oihuka, 1988); Kepa Junkera, Bilbao 00:00h (Resistencia, 1998); Kuraia, Kuraia (Metak 2001); eta EH Sukarra, EH Sukarra (Esan Ozenki, 1992).
  • Atentzioa eman dit azken aldiko "izar" batzuen presentzia urriak sustatuzaleen zerrendetan: esaterako, Kepa Junkerarena (disko bakarra, bi aipu, nahikoa postu baxuetan) eta Mikel Urdangarinena (aipu bakarra).
  • Bestalde, lehenengo hogeita bost disko horien banaketa kronologikoa, hamarkadaka, hau izango litzateke (beti ere kontuan hartuta 0-z amaitzen diren urteak aurreko hamarkadakotzat jotzen ditudala, hots, 1990eko disko bat 80.eko hamarkadakoa litzateke, etab.): 1970.eko hamarkadako diskak 3 (%12); 1980.ekoak 4 (%16), baina zerrendaren lehenengo postuak kopatzen dituzte; 1990.ekoak 15 (%60), gehiengo absolutua beraz; 2000.ekoak 3 (%12).
  • Euskaraz kantatzen ez duten zenbait talderen diskoak agertu dira zerrendetan: SA, No intente hacer esto en su casa (MilAGritos, 1998); Eskorbuto, Eskizofrenia (Twins, 1985); Wagon Cookin’, Appetizers (El Diablo!, 2002); Kortatu, Kortatu (Oihuka, 1985); Parafünk, Epílogo (Novophonic, 1997); Family, Un soplo en el corazón (Elefant, 1994). Beste zerrenda bat egiten hasteko abiapuntua?

"Lehiaketa" honekin jarraitzeko prest?

Hau ariketa bat besterik ez da (eta akatsen bat edo beste izango du, seguru); egunkari elektronikoek planteatzen dituzten inkesta horiek bezala, ez dauka inolako balio estatistikorik, eta guztiz eztabaidagarria da. Jarrai dezakegu osatzen, nahi izanez gero. Eta eztabaidan. Animatzen?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu