Teknologia albisteak

Twitterrek 10 urte bete ditu gaur; euskaldunok ere beste hainbeste txiokatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2016-03-21 : 14:53

Hainbat tokitan entzungo zenuen jada Twitterrek hamar urte bete dituela gaur (Jack Dorseyren hau izan zen lehen txioa, 2006ko martxoaren 21ean). Twitterrek bere kontu ofizialean aipatu du gaia#LoveTwitter traola zabalduz. Ospakizuna dela eta, Sustatun ere atzera begira jarri gara, aztertuz ea nola jaso dugun Twitterren bilakaera 10 urte hauetan eta zelan bizi izan dugun euskaldunok sare sozialaren bilakaera hamarkada honetan. Arkeologia digital apur bat, alegia ;)

Jaio eta urtebetera, 2007ko martxoan idatzi genuen Sustatun lehen aldiz Twitterri buruz:

Modako web aplikazioa da: Twitter, mikrobloga egiteko, kontaktu sare bat izateko, SMS eta web formatuen artean esperimentatzeko... Dagoeneko bada euskaldunik egunero erabiltzen duenik.

2009 hasieran sortu genuen Sustaturen kontua Twitterren eta artikuluak han banatzen hasi ginen.

2010ean hasi ginen jada bere etorkizuna ezbaian jartzen, ziklikoki itzultzen den gaia, eta bertsio berri baten berri eman genuen.

2011an Twitterren bosgarren urteurrena jaso genuen, orduan existitzen ziren beste plataforma batzuekiko konparazioa xelebrea eginez. Urte horretan bertan Twitter euskaratzeko eskaeraren berri eman genuen, Joxe Aranzabalek Twitterrekin zer gertatzen zen galdetu zigun eta aldaketa tekniko deigarriak egin zituzten (erabiltzaile baten timelinea ikusteko aukera gehitu eta jakinarazpenean lehen pausuak ezagutu genituen).

2012an seigarren urteurrena infografia bidez erakutsi genuen eta behingoan euskaraz eduki ahal izan genuen interfazea, besteak beste Lander Arbelaitzen ekimenari esker.

2013. urtea oso garrantzitsua izan zen Twitterreko euskaldunontzat, besteak beste, Umap.eus jaio (edo berpiztu) zelako, euskaldunon Twitterreko jarduna jaso eta aztertzen duen erreminta. Harrezkero, Twitterren zenbat euskaldun gabiltzan jakin dezakegu, zenbat txiokatzen dugun euskaraz, zeintzuk diren gure joerak,... guztia ere, Twitterreko euskaldunon komunitatea trinkotzeko eta bistaratzeko jaio zen Umapi esker. Besteak beste, 2013an bertan jakin genuen, garai hartan 6.000 txiolari euskaldun genbiltzala, gutxi-asko, txio eta txio. 2013. urte hartan, gainera, #txiotesia ekimenaren lehen edizioa antolatu zen.

2014an munduko hizkuntzen sare-egituraren ikerketa batek erakusten zuen euskararen zentralitatearekin harritu ginen. Euskaldunok urtean zehar gehien aipatu genituen gaiak ere aztertu genituen (#28akereLIBRE, #GureEskuDago, #athlive, #JoneLibre, #BasquesDecide, #TantazTanta, #TroikaGoHome,...), eta jakin genuen Euskararen egunean, euskaldunok gehiago erabiltzen dugula euskara gainontzeko egunetan baino (2015ean ere errepikatu zena).

2015ean ohartu ginen gure politikariek ia ez dutela euskara erabiltzen sare-sozialetan (eta neurketa aurkeztu genuen); gainera, konturatu ginen, euskaldunok haserretzean gehiago txiokatzen dugula. Ez dugu uste horregatik izango zenik, baina .EUS bilakatu zen Twitter, eta aurki euskara ulertzeko gai izango zela iragarri genuen. Umap-i esker, gainera, Twitterreko euskaldunak askoz hobeto ezagutzen hasi ginen, besteak beste, gure kontu gehienak pertsonalak direla (%46) eta gizonezkoak direla nagusi (%71); euskal txiolarien ranking sektorialak ere aurkeztu genituen 2015ean zehar.

2016an 10. urteurrenera iritsi da Twitter, eta baita euskaldunon txio-jarduna ere. Aurtengo urteak, oraingoz, ez digu albiste onegirik ekarri. Izan ere, konturatu gara gure 3 lehendakari txiolariek (Ibarretxek, Urkulluk eta Lopezek), nagusiki gaztelaniaz txiokatzen dutela; eta, gainera, Twitterrek esan digu euskara ulertzen duela, bai, baina euskarazko iragarkiei betoa egiteko erabiltzen duela jakintza hori.

Horrelaxe igaro zaizkigu 10 urte, sarea hankaz gora jarri eta erabat eraldatu duen txoritxoari begira. Nora egingo dugun datozen urteotan? Auskalo! Baina ziur izan euskaldunok euskaraz txiokatzen jarraituko dugula (munduko hizkuntza gutxituen artean komunitaterik trinkoena daukagu), eta Sustatun guztiaren berri emango dizuegula! 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu