Google Currents: tresna inportantea irakurketa digitalerako (Sustatu egokitu dugu, bide batez)
Flipboard iPad aplikazioaren alternatiba moduko bat da Google Currents. Baina zure Facebook eta Twitter kontuen bidez lagunen unibertsoa jarraitu baino gehiago, eduki iturri zehatzak aukeratzeko aproposagoa: batetik Google Reader jario irakurgailuarekin lotu dezakezu (Flipboard ere bai, egia esanda), eta bestetik, hainbat argitalpenen edizio egokituak gehitu ditzakezu.
Behin Currents-en bidez N iturritara harpidetuta, edukien edo argitalpenen irakurketa eroso bat duzu eskura, bereziki tablet formatuan. Irudi eta testuak, horizontalki edo bertikalki, primeran maketatzen dira dinamikoki, eta hatzamar mugimenduekin aurrera eta atzera zoaz orrietan.

Currents irakurketa mugikorrerako oso egokia bada ere, baita eduki-ekoizleontzat ere, esperientzia mugikorrerako bertsio bat erraz sortu dezakegulako, aplikazio berezko baten beharrik gabe. Sustatuk egin du aproba. Eta emaitza ikus dezakezue Currents instalatua baduzue.
Nola bihurtu ekoizle
Edukiak egokitu ahal izateko, tresna berri bat sortu du Googlek: Producer. Google Chrome nabigatzailearen bidez bakarrik dabil, eta Google kontu baten bitartez. Ekoizle zarenean, hainbat agerkari sor ditzakezu, eta oso erraza da: RSS jario bat proposatu tresnari, eta hark maketazioa nola geratuko den erakutsiko dizu, gailu desberdinetan, orientazio bertikal edo horizontalean.

Sustaturekin bertsio sinple bat egin dugu, baina azpiataletan antolatutako agerkari bat ere diseinatu dezakezu, RSS desberdinen bidez ordenatu atalak, eta baita eduki gehigarrien azpikanalak gehitu (atal bisual bat Flickr bidez, edo bideoena edo Youtube bidez).
Ekoiztutakoa sarean jartzeko, parametro batzuk bete behar dira, eta hor traba bat euskaldunontzat: hizkuntza definitzeko eskatzen dizu eta euskara ez dago aukeren artean (katalana bai). Sustaturi indonesiera jarri diogu, traba gainditzeko. Hizkuntza zehaztu gabe ere jarri daiteke kanal bat martxan, ikusi dugunez. Bestalde, webgune edo iturriaren jabetza baieztatu behar duzu Googlerekin: Googleren tresna batzuen bidezko berifikazioa izan daiteke (Webmaster Tools edo Analytics) edo eska dakizuke halaber HTML fitxategi zehatz bat igo dezazula zure webgunera, haren jabea zarela ikus dezan Googlek.
Behin eduki-kanala berifikatuta, ez da Currents-en bilaketan agertuko, harik eta 200 harpidetza dituen arren. Hau da, Currents instalatuz gero, ez duzu berehalakoan Sustaturen kanala bertan aurkituko. Estatuka du konfiguratua hau Googlek, eta Hego Euskal Herrian, Espainiako zortzi agerkariren edizioak berez kargatuta erakusten dizkizu Currents-ek. Nola gehitu hor gehiago? Bilaketaren bidez, baina diogun bezala, Sustatu ez da agertzen oraingoz eta ez dakigu gero agertuko den ere (konfigurazioan Espainian eta espainolez ari garela jarri izan bagenio, akaso errazago).
Sustatu instalatzeko zure Currents-ean
Orduan, bilaketan ez bada agertzen, nola irakurri Sustaturen edukia Currents-en?
- Currents instalatua izan behar duzu zure gailu mugikorrean, egizu hori Google Play edo Itunes biltegien bidez.
- URL honetara jo behar duzu mugikor edo tableteko nabigatzailean. Errazteagatik, honek ere balioko dizu: bit.ly/cu-sustatu
Egin aprobak, instalatu, ea zer iruditzen zaizuen. Guk uste dugu nahiko ondo geratzen dela. Arazorik balu inork, arazo horien berri ere jakin nahi genuke, gure esku balego laguntzeko.
Erantzunak kargatzen...