
Galder Gonzalez wikilari saiatuak Wikipediako euskal edukien estatistika kalkulatu bat atera berri du: zenbat artikulu dauden geokokatuta Euskal Herrian. Hau da, tokiak, eraikin eta antzekoak eta kasu batzuetan gertaerak ere geokokatu daitezke Wikipedian, eta mapetan agerrarazi. Eta hortik datua, 15.414 artikulu daude Euskal Herriko mapan jarrita euskarazko Wikipedian.
Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) 53. Udako Ikastaroetarako (datorren urteko udakoak, alegia) proposamenak bidaltzeko deialdia zabalik dago. Proposamenak bidaltzeko epea urtarrilaren 31ra (barne) arte dago irekita. Udako Ikastaroen eskaintza jardunaldi, topaketa edota biltzarren bidez osatuko da, euskal komunitate zientifiko eta profesionalen bilgune izateko xedea oinarri. UEUrekin lan egin nahi duen orori irekita dago deialdi hau.
Tere Maldonado filosofia-irakasle, feminista eta hezkuntzako ekintzaile bilbotarrak artikulua argitaratu du Argian EAEji ikastetxeetako zenbait aje teknologiko aipatuz. Eginbehar burokratikoak betetzeko (berez alferrikakoak akaso), izugarrizko denbora behar dutela programa txar, geldo eta okerrez beteak erabiltzen. "VII. mendeko teknologia" da Eusko Jaurlatitzako Hezkuntza sailarena, dio Maldonadok. "Badiotsuet, lankide batzuek ordenagailuak piztean kantu gregoriano urrun bat entzuten dutela diote."
Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroa Europako Museo onenaren sarietako bat irabazi du Europako Kontseiluko Kultura Batzordeak emana. Euskararen Etxea eta bere eduki interesgarri horiek Bilboko San Inazio auzoan daude, Azkue Fundazioak kudeatuak. 2025erako saria da, hau da, urte osoan zehar erakutsi ahal izango dute ohorea bertan.
San Nikolas eguna da gaur, abenduak 6, San Nikolas Barikoarena, santu kristau bat ustez III. mendekoa, Asia Txiki edo Anatolian jaioa baina nonbait Italia hegoaldeko Bari hirian kokatua bere mirariak eta santutasunak egiteko. San Nikolas honen izenetik dator Sant Niklaus forma holandesa, eta horretatik Santa Claus izen anglo-amerikarra, Gabonetako pertsonaia. Baina eguna, gaur du, eta Alemanian gaur da oparien eguna. Eta Euskal Herrian ere, santu bitxi honen omenezkorik ere egingo da gaur, adibidez Arrasateko bolo-boloa edo gozoki banaketa kaotikoa; eta San Nikolasen kantuaren bertsioak kantatuko dira, erdara-euskarak nahasiz absurdoki, gaur ez bada Gabonetako errepertorioan bestela.
Gaur goizean egin dugu Twitchen eta Segura Irratian aste honetako zuzenekoa, eta honako kontuak tratatu ditugu: ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasguneak izan daitezela nahi dituela Altxa Burua elkarteak (gai honi buruzko kontu gehiago etorriko direla iragarriz, bide batez), erakundeak euskaraz komunikatzeko Jendaurrean gidan Interneti dagozkion aholkuak errepasatu ditugu, eta Dragoi Bola komiki mitikoen euskaratzea aipatu dugu, Euskomanga komunitatea eta bere boluntarioak txalotuz.
Euskomanga da boluntarioen komunitate bat, manga komiki japoniarren zaletu euskaldunena, aktibo dabilena azken urteetan. Dituzten baliabideen artean, euskaratutako manga bilduma interesgarri bat dute, ikuskatzaile bidez kontsultatzekoa (edo deskargarako Mega webgunearen bidez). Eta bilduma horretan eduki mitiko bat agertu da: Dragoi Bola klasiko eta lehena, Son Goku txikia zeneko abenturak (komikiaz ari gara, ez telesailaz), Dragon Ball izen soilekoa, 1. liburukitik 16.era, osorik euskaratua.
Soziolinguistika Klusterrak Jendaurrean aurkeztu zuen joan den astean: gida bat, "erakundeek euren komunikazio publikoan euskararen erabilera handitu eta hizkuntzen kudeaketa egokia egiteko". Gomendio eta gidalerroetako batzuk komunikazio digitalari dagozkio, eta horien artean webguneen eta sare sozialen bidezko komunikazioari dagozkionak nabarmenduko ditugu artikulu honetan.
Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debekua bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.
'Barraka' saioaren emanaldiak eten ditu EITBk, eta Primeran plataformatik jarritako atalak kendu, atzo emakume talde batek Twitterren zabaldutako salaketa baten ondoren. Salaketak sexu-erasotzailetzat jotzen du pertsona bat, izena eta saiorik aipatu gabe, baina parriletatik kendu duten saioa 'Barraka' da; saio honen ekoizle den etxeak, Hiru Damatxok, bere proiektu bateko lantaldeko norbait dela baieztatu du ohar batean; eta ElDiario.es-ek argitaratu du saioko aurkezlea dela, Iker Plazaola.
1978an kaleratu zuen Etiopia Bernardo Atxagak, Pott Liburutegia sailaren barruan, 300 aleko argitalpen artisau samarrean. Ia 50ren buruan, Erein argitaletxeak berrargitaratu du poema-liburu ezaguna. Tartean, 1983ko beste edizio bat izan zen bakarrik, eta Ruper Ordorikak konposatu zion edizio musikatua nolabait esatearren, Hautsi da Anphora diskoa.
Kontseiluak 2024ko Euskararen Egunaren harira adierazpen bat egin du publiko gaur, Martin Ugalde kultur parkean egindako agerpenean. Larrialditik Indarraldira izena eman diote, eta bertan erreferentzia egin zaio Europako hizkuntza gutxituetako adituek berriki euskara larrialdi egoeran dela nabarmendu izana, eta baita azken urteotako oldarraldi judizialari. Oztopo horiek gainditu eta indarraldira pasatzeko unea dela aldarrikatu du Kontseiluak.
Datorren abenduaren 3an, asteartearekin, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) izango dugu eta hari begira zenbait adierazpen ezagutu ditugu aste honetan, Eusko Ikaskuntzarena bat eta Kontseiluarena bestea, etaUEMAk ere atera du berea, izenburu honekin, "Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko". Ilustraziorako, Arano eta Lekunberriko irudiak, Nafarroa Garaiko bi herri hauek aste honetan bertan erabaki baitute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin bat egitea, 113 udal izatera iritsi delarik erakunde hau, 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.
Asteko errepasoan, Euskararen Hemeroteka telegram kanalaren berri, Rikardo Arregi sarien errepasoa, adimen artifizialeko kontuak (ia astero bezala), Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko bi adierazpen, Eusko Ikaskuntzarena bat eta Kontseiluarena bestea; eta bihar arte martxan den Egunean Behin jokoko DA! partida bikoitzarena.
Ostiralez, atzo, egin genuen Twitchen eta Segura Irratian aste honetako zuzenekoa, eta gure "ia ohiko" AA atalean adimen artifizialeko bideogintzarekin sortutako iragarkiak tratatu genituen: nola Coca-colak egin duen batek kritika asko jaso dituen. Konparatu dugu doako tresnekin euskal tematikako AA bideoak egin ditugunean Sustatun, eta kalitate eta sormenean produktu txukun batetik oso urruti geratzen dela ondorioztatu dugu. Bestalde, Durangoko Azoka badator, eta tratatu dugu Egunean Behineko lehiaketa bikoitza, eta Kabi@ atal digitalaren programazioa.
Euskararen Nazioarteko Egunak 75 urte bete ditu, edo beteko ditu zehatz datorren astean, abenduaren 3an. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen ekimena, eta gaur egun ospakizun zabaldua da euskaldunen artean. Eusko Ikaskuntzak bere aldetik urteurrena baliatu du euskararentzat politika eraginkorrak eskatzeko.
2024ko Rikardo Arregi sariak irabazi dituzte, kazetaritzaren alorrean Feminizketak, elkarrizketa sortak (Berrian argitaratuak), eta Komunikazioaren alorrean Ikusgelak, euskarazko Wikipediaren eta EWKE elkartearen ikus-entzunezko edukien proiektua.
Duela hilabete batzuk dabil martxan, baina tira, hemen duzue: Euskararen Hemeroteka Telegram kanala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) martxan duen informazio zerbitzua.
Coca-Colak Gabonetako kanpainarako diseinatu dituen iragarkien artean adimen artifizialeko (AA) bideo-sorkuntzan oinarritutako bat nabarmendu da. Kritika latzak jaso ditu, txarra delakoan. Aurretik antzekoak jaso zituen Toys R Us kateak, beste bat egiteagatik Sora tresna erabiliz. AA erabilpenaren eutsigarritasunaren kontuaz gain, beste alderdi bat nabarmentzen da iragarkietan: pobrezia estetiko-grafikoa. AA-bidezko iragarkiak irudimen eskaseko sekuentzia txikiak besterik ez dira, elkarren ondoan pegatuta. Doako tresnekin Sustatun bertan sortu ditugun mini-klipak oso gertu daude, azken batean, Coca-cola bezalako handi batek sortu duen produktutik.