Jauzia Gara izenarekin atzo Bilbon egindako ekitalde batean, EAEko lehendakariak, Imanol Pradalesek, iragarri zuen Euskararen Erabilera Biziberritzko Biltzarra izendatu dutena egingo dela 2027an. Aurtengo irailetik aurrera jarriko dela horretarako lan-dinamika abian. Biltzarrera begira, bi urteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen inplikazioa bermatuko duen nazioarteko biltzar handi batekin amaituko den lan zabala eta sakona egitea agindu zuen lehendakariak. “Begirada soziolinguistikotik helduko diogu bideari, euskararen erronka nagusiek lotura estua baitute erabilerarekin eta gizartean gertatzen diren aldaketekin”.
“Oso urrats handiak egin dira, baina beste paradigma bat behar dugu, lortu dugunetik abiatuta jauzi kualitatiboa emango duen paradigma”, esan zuen Pradales lehendakariak. 2027ko biltzarraren helburua izango da “datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala” lortzea.
Lehendakariak dei egin zuen halaber euskara "eztabaida politiko instrumentaletarako" ez erabiltzeko. “Guztion atxikimendu eta inplikazioa behar dugu. Kontsensua. Edozein gizarte errealitatetan eragiteko, politika publikoak ez ezik, herritarren inplikazioa garrantzitsua da beti. Baina hizkuntzaz ari garenean, gaur bezala, garrantzitsua ez-ezik, ezinbestekoa ere bada.”
2027ko biltzarrerako aspaldiko erreferentzia bat erabili zuen Pradalesek: Jose Antonio Agirre lehendakariaren erbesteko agintaldian, 1956an Parisen egin zen “Munduko I. Euskal Biltzarra”.
Lehendakariaren aburuz, “euskara biziberritzearen etorkizuna administrazio publikoetan baino gehiago, gure etxeetan, ikastetxeetako jolastokietan edo lantokietan jokatzen da”. Eta gehitu zuen: “Bestelako emaitzak lortu nahi baditugu, bestelako gauzak egin behar ditugu”. Ildo horretan, “ezinbestekotzat” jo du euskalgintzarekin eta euskararen egitura klasikoekin loturarik ez duten sektore, eragile eta pertsonak erakartzea: “atxikimendu emozionala eta konplizitate eta aliantza berriak eraiki behar ditugu euskara dutenen eta ez dutenen artean. Euskararen etorkizunak zubiak eta esperimentazioa eskatzen ditu. Bai euskara dakigunok euskara gehiago erabil dezagun, bai ez dakitenak erakar ditzagun”.
Argazkia: Imanol Pradales lehendakaria eta Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza sailburua. Cc-by Irekia - Eusko Jaurlaritza.
Erantzun
Sartu