Teknologia albisteak

Metak beti espiatzen zaitu; eta bolada txarrean bazaude, horixe salduko die iragarleei

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-06-06 : 11:01

Metak etengabe espiatzen zaitu. Denbora guztian, zuk Facebook, Whatsapp edo Instagram erabiltzen ez dituzunean ere, hortxe dago Meta, etxe osteko ezkutaleku batean barrura begira, ea zertan ari zaren beste aplikazioekin, zer bilatzen duzun, bisitatzen dituzun webguneen berri jasotzen. Horixe deskubritu dute mugikorren segurtasun gaiak aztertzen dituzten ikertzaile batzuek.

Hemen dago azterketa, maila tekniko sakonekoa da, baina funtsean zer den azaltzen saiatuko gara. Bi urratsetan gertatzen da espioitza;

1) Metaren zerbitzu, gadget, irudi edo zerbait integratu duten hainbat webgunetan, pixel galdu bat ezartzea lortu du Metak. Plugina edo gadgeta kendu duzu, baina pixel ikusezin hor geratu da, milioika webgunetan geratzen den pixel ikusien ñimiñoa, zeinak jatorria duen Metaren zerbitzarietan, eta hortaz, webgune horietako bat ikusten den bakoitzean abisua doakio Metari, "ei, pixela eskatu dute handik".

2) Facebook eta Instagram aplikazioen Android bertsioak gaitasuna du, baita aktibo ez duzunean ere, nabigatzen ari bazara beste app baten bidez, pixel horiek detektatzeko, eta orduan zure identitatea lotzen du webgune harekin Metak. 

Ondorioa, adibide batean: zuk ez duzu ohiturarik Facebook edo Instagramen zure osasun arazoen gainean jarduteko, baina batzuetan bilatzen duzu edukia hortik, bisitatzen dituzu webguneak informatzeko esklerosiaz, depresioaz, auskalo zertaz... Metak jakin egingo du hori ere, eta zure Facebook edo Instagram profilari lotuko du.

Eta zertarako? Gogora dezagun 2017ko salaketa bat, ikerketa akademiko baten ondorioa: Facebookek identifikatu ohi zituen erabiltzaile gazte zaurgarriak, arazo emozionalak zituzten, gaizki zeudenak. Zertarako? publizitatea saltzeko, noski, ze beste negozio eredu dago hemen bada! Zure fisikoaz gehiegi edo modu negatiboan arduratzen zarela badaki Facebookek, ba edertasun produktuak, edo wellness app-ak edo halako iragarkiak zuzenduko dizkizu: zure ondoeza salduko die Metak iragarleei. Facebookek ukatu egin zuen iragarki salmenta egiten zutela horrekin, baina sentimentu-analisia eta datu bilketa egiten zutela onartu behar izan zuten. Kezkatzen direlako izango da, noski, sinetsi egingo diegu, ez iragarkiak saltzeko, ez ez ez.

Honen irakurketa zehatza Joxe Rojasek eskaini digu bere blogean: "Hau da: literalki, hitzez hitz, Metaren ‘zerbitzuak’ malwarea dira, eta antibirusek automatikoki atzeman eta ezabatzen dituzten softwareen zerrendan sartu beharko lirateke. Facebook edo Instagrameko edukia partekatzen duzun bakoitzean, birus informatiko bat hedatzen ari zara."

Erantzun

Sartu