Urte hasieran gertatu zen, urtarril eta otsail artean, Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenean eta DEI politiken kontrako gurutzada hasi zuenean hark. Baina ez zen izan prentsa-ohar edo iragarpenik. Erabilpen baldintzetan, norbaiten "genero identitatearen eta adierazpenaren" aurkako gorrotozko diskurtsoa debekatuta zegoen lehen, baina orain jada ez.
Duela urte batzuk ezarri zituen arauetan, YouTubek ez ditu onartzen hainbat talderen aurkako gorroto-diskurtsoak. Erabiltzaileen arraza, nazionalitatea, erlijioa edo desgaitasuna oinarri hartuta, indarkeria edo gorrotoa sustatzen duen edukia esplizituki debekatuta dago. Aurten arte, zerrenda horretan norbaiten "genero-identitatearen eta adierazpenaren" aurkako gorroto-diskurtsoak ere debekatuta zeuden, baina esaldi hori desagertu egin zen urtarrilaren 25etik otsailaren 7ra bitartean. Trumpek kargua hartu eta berehala "genero-identitatea" demonizatzeko politikekin bat etorri da ekintza,
Oraindik debekatuta dago norbaitenganako gorrotozko diskurtsoa "sexuagatik, generoagatik edo sexu-orientazioagatik", baina ñanardura zehatzagoa dakar "generoa" desagertzea politiketatik, "genero-identitatea eta -adierazpena" lotu daitezkeelako talde zaurgarrienekin, transexual edo ez-bitar edo beste genero-disidentzia batzuekin.
Eta genero-disidentzia zaurgarriagoen ondoan, sexu-orientazioagatik ustez salbatu direnak ere (lesbianak, homosexualak) kontuz ibil bitez; bai baitago beste esaldi bat ere desagertu dena, adibideak ilustratzean zer den gorrotozko diskurtsoaren adibideen zerrendan: "[Talde babestuaren egoera] sendatu beharreko gaixotasun mental mota bat baino ez da" lerroa zegoen lehen. Gorrotozko mezu tipikoa baita "homosexualak gaixo mentalak dira" esatea. Eta gorroto adibideetatik desagertu da hori ere (Metak ere urte hasieran egin zuen bezalatsu, bide batez).
Honetaz informazio gehiago, hemen.
Irudia, LGTBI ortzadar banderaren bertsio inklusiboa, 2024an naturako argazkien collage bidez egin zuena Massachussetseko Audubon elkarte naturalistak.
Erantzun
Sartu