Teknologia albisteak

Adimen artifiziala: irakurketa positibo bat (kontrastatzeagatik)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:15

Adimen artifizialaren aukerez idatzi dugunean Sustatun (eta sarri ari gara horretan), euskarak esparru honetan egin ditzakeen aurrerapenez ere itxaropentsu idatzi ohi dugu. Baina gehiagotan jarduren dugu, beharbada, AAren arriskuez, egiten diren disparateez, sortzen den slop edo zaborraz eta halako kontuez. Kontraste egiteagatik honekin, ikuspegi positibo baten arrazoitze saiakera bat dakarkizuegu gaur.

Apirileko testu bat da, Andrej Karpathy adituarena. Nondik datorren ez dugu ezkutatuko, bere ikuspegi optimista hori bere kontestuan jar dezazuen: ikertzaile gisa OpenAIren hastapenetako unitate batean egon zen (2015-2017, OpenAI, noski ChatGPTren sortzailea da AA alorreko enpresa puztuena), Tesla enpresan AA garapenen buru izan zen (2017-2022), OpenAIrea itzuli zen 2023-2024 tarterako, eta iaztik Eureka Labs enpresa propioa ari da bultzatzen, inbertsio fondoen milioiak erakarriz. Hortaz, AAren onurak saltzen badizkigu, hori da interes partikularrak dituelako honetan. 

Karpathyren iritziz, AAren onurak indibidualak dira gehienbat, korporatiboak baino. Beste aurrerapen teknologiko batzuekin kontraste egiten du horrek, ze elektrizitatea, kriptografia, informatika edo Internet bera garatu direnean, erabilpen eta onura korporatiboak izan ditzute, erakunde, gobernu, armada eta abarretan, jendearen kontsumo eta erabilera indibidualera iritsi aurretik,

Aldiz, AA erabiltzen dutenak zuzenean pertsonak izan dira lehenbizi. ChatGPTren erabilpen pertsonal masiboa izan da Hizkuntza Eredu Handien eta AAk hartu duen forma ohikoenaren (txat adimentsuak) erabiltzaile nagusiak.

Eta era berean, AA hauen gaitasun zabal zein errore-probabilitatean dago gakoa. AA sistemek orotariko jakintza eskaintzen dute (ustekabean, baita euskaraz ere), ia aditu baten mailan, eta erabiltzaile arruntarentzat abantaila da hori, pertsonalki atera diezaiokeelako etekina. Erakunde edo korporazio batentzat, ordea, "ia aditua" eta super-orokorra izatea ez da aski: erakunde bakoitzaren balioa da bikaintasuna lortzea duen egitekoa, eta horretara begira berezitutako ingeniariak eta beste era bateko langileak erabili ditzake.

Demagun, ingeniaritza zibileko bulego bat (herrilanak egiten dituzten horiek, zubiak, eskala zaileko eraikuntzak...). AAk eskaini diezaiokeen hobekuntza halako bati, portzentualki txikia izan daiteke, eta "haluzinazioen" eta errore potentzialen erruz, arriskutsua ere bai. Aldiz, erabiltzaile arrunt bati ingeniaritza zibileko kontuen inguruko ezagutza pilatzen lagundu diezaiokeena asko da: galdera zehatzak, dokumentu-karga eta laburpenak lortu... Zubi bat eraikitzen ez dio lagunduko AAk pertsona arrunt bati, baina ezagutzaren aldetik badaude abantailak. 

Era berean, ingeniaritza zibileko bulegoari AAk lagunduko balio ere, haluzinazioak ekidin eta zubiak arriskurik gabe hobeto eraikitzen laguntzen badio ere... Horretan izango dute hobekuntza agian (eta kontrol handiko urratsak sartuz bidean), baina AAren jakintza/gaitasun orokorrak ez dio beste ekarpen handirik egingo. Erabiltzaile arruntak, berriz, erabili dezake AA egun batean ingeniaritza zibileko dokumentu bat hobeto ulertzeko, hurrengoan A hizkuntzatan idatzitako B hizkuntzan laburtzeko, poesia moduko testuak sortzeko, jai txiki baterako kartela sortzeko (bai, diseinatzaileak haserretu arren, lana aurreratuko dizu)...

Hortxe tesia. AA edo Hizkuntza Eredu Handiak ari zaizkie laguntzen munduko "Mary, Jim eta Joe ugariei", ez Google bati edo gobernuei edo erakunde handiei.

AA super-orokorraren unean gertatzen da hau, ze neurri batean Bill Gates batek edo zuk zeuk erabiltzen duzun txat adimentsua berdintsua da. AA erabilpen berezituetarako eredu "distilatuak" garatzeko aukera egon daiteke etorkizunean, eta orduan agian garatuko dira desberdintasunak eredu korporatibo edo elitista batzuen eta eredu orokor zabalduen aurrean, baina orain ez, une igualitariago batean gaude.

Honaino Karpathyren ikuspegia, erositako prezioan saltzen dizuegu.

Irudia, euskarazko Wikipediaren Ikusgela sortako bideo batekoa: Adimen artifiziala: zertarako da gai? Eta noraino hel daiteke?

Erantzun

Sartu