Teknologia albisteak

Fermin Leizaola etnografoa hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-06-17 : 15:43

Atzo hil Fermin Leizaola euskal intelektual donostiarra, 81 urterekin. Euskal Herriko kulturaren, geografiaren eta ingurune naturalaren ezagutza entziklopedikoa zuen pertsona joan zaigu. 

Aranzadi elkarteko Espeleologia edo Etnografia sailetan bazkidea izan zen, erakunde horretan 67 urtez etengabe egondakoa. 15 urte zituenetik ekin zion zientziari, eta, besteak beste, José Miguel Barandiaranen, Jesús Elosegiren eta Manuel Laborderen gidaritzapean, Aranzadiko Historiaurreko Departamentuko jardueretan sartu zen. 1960an, jarduera espeleologikoetan murgildu zen, eta horietako batean intsektu espezie berri bat aurkitu zen, Aranzadiella Leizaolai izendatu zena.

1969. urtean hasita 'Euskal Herriko Atlas Etnografikoa' egin zuen Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean. Jose Migel Barandiaran Saria jaso zuen 1975ean Etor argitaletxeak 'Euskalerriko artzaiak' izenburupean plazaratu zuen lanari esker. "Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa EAEL" izan zen beste ikerketa aitzindari bat, 1974 eta 1990 artean zuzendu zuena.

2009. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak I. Ondare Saria eman zion, kultura-ondarearen ikerketan eta zabalkundean egindako lanarengatik. Urte beran Urrezko domina eman zion Aranzadik, eta 2017an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak.

2024an bere bilduma etnografikoa, 4.000 objektu baino gehiago, dohaintzan eman zion Leizaolak Gordailuari, Gipuzkoako ondare bildumen zentroari. Goiko argazkia hori formalizatzeko egin zuten unekoa da, Aranzadi Elkarteak argitaratua bere webgunean.

Erantzun

Sartu