Donald Trumpek boterea berreskuratu eta egin duen lehenbiziko gauza, dinbili-danbala agindu exekutibo mordoa jaurti, horietarik asko woke esaten dioten joerako aurrerapenak deusezteko. Bi genero / sexu besterik ez daudela, gizonezko eta emakumezkoak, eta aldaezinak dira, horra aginduetako bat. Beste agindu bat, hainbat neurri aurrerakoi (osasungintzarekin, klima eta naturaren zaintzarekin zerikusia dutenak...) atzera botatzeko agindua, eta horien artean DEI politiken kontrako neurriak. DEI da ingelesez "Diversity, equity, and inclusion"; euskaraz itzul dezakegu aniztasuna, berdintasuna eta inklusioa. Borroka politiko-teknologikoetan esparruan gudu-zelai bilakatuko den terminoa da, eta nire uste xumean merezi du haren inguruan hausnarketatxoa egitea, esanguraz jakitun izatea.
Trumpen aginduak DEI delakoa salatzen du azalpenetan: "Aniztasun, berdintasun eta inklusioa (DEI) sartu izanak gure erakundeetan usteldu egin ditu erakunde hauek; eta ordezkatu egin dute lan gogorra, merezimendua eta berdintasuna, lehenespenezko hierarkia zatikatzaile eta arriskutsu batekin". Ondorioz, aginduak atzera botatzen ditu aurreko neurri batzuk, esate baterako "Gobernu Federalean komunitate azpigaratuak babesteko eta arraza-berdintasuna sustatzekoa" eta "genero identitatean eta sexu-joeran oinarritutako bazterkeria borrokatzekoa".
Azken 10-15 urteetan DEI delakoa Estatu Batuetako hizkera soziopolitikoan eta ekonomikoan txertatu den terminoa da. Erakunde jakin bateko antolamendu-egitura edo politika adierazten du, erakunde horretako pertsona guztiek bidezkoa den tratua jaso dezaten. Antolamenduan guztien parte-hartzea sustatzea du helburu, batez ere, identitate edo desgaitasun arrazoiengatik historikoki baztertuta edo diskriminatuta egon diren taldeena.
Euskaraz diskriminazio positiboa (AEBetan "affirmative action") esan izan dugun praktikatik haratago doa DEI kontzeptua. Siglei begiratuta, eta erabili izan diren definizio batzuetatik laburpentxoa eginez:
Espainian, hiru hitz horiek ia bere horrretan (bat aldatuta: bisibilitatea ekartzeko solasera) aldarrikatu zituen Jesus Vidal aktoreak 2019an Goya sara eman ziotenean. Ikus hasieratik, 40. segunduan esaten ditu hitz gakoak Vidalek:
2019an izan zen hori. Sei urteren buruan, aniztasuna eta inklusioa aldarrikatzea anatema bihurtu dute batzuek.
Are gehiago, "DEI" terminoa gutxiengoen kontrako irain ere bihurtu da kontestu batzuetan. Iaz, Baltimoren zubi bat erori zenean istripu larri batean, azpiegituretan izandako inbertsio eskasa DEI politiketan inbertitzen delako izan dela esan zuten batzuek; eta Baltimoreko alkatea krisia kudeatzeko ezgauza zela esateko "DEI alkate" ere esan zioten: beltza izanik Brandon Scott, hura alkatetzara iristearen meritua soilik DEI politika baten ondorioa balitz bezala. Izan ere, AEBetan zabaldu den beste salaketa-termino gutxiespeneko bat da "DEI hire" esamoldea (euskaraz, "DEI kontratazioa"). Gutxiengo bateko norbait izendatzen badute postu batera edo kontratatu badute, "DEI kontratazioa" izan delako mezua zabaltzen da, bere identitateak determinatu duelakoan bere balioa lanerako, ez bere meritu edo gaitasunak. Taldearen aniztasunak gaitasun kolektiboa handitzen duelako ideia ere arbuiatzen dute. Pentsa, Metako Zuckerbergek esan du enpresetan falta dena dela "energia maskulino" gehiago.
Zuckerberg, bai... zeren eta orain Trumpekin batera, AEBetan DEI politikak ezabatzen hasi dira beren praktika korporatibotik horretan hasi ziren asko: Meta enpresa, kasu flagrante eta lotsagarrian (beste hainbat bazterkeria baimentzearekin batera), eta harekin batera Ford, Walmart, McDonald's... Metaren kasuan, hornitzaileen kontratazioan ere dibertsitatea kontuan hartzen zen ofizialki. Jada ez.
Norekin goazen... Jesus Vidalekin edo Mark Zuckerbergekin eta Donald Trumpekin. Nik argi daukat.
Beste kontu bat hausnartzeko: euskaradunen aldeko edozein politika proposatzean denean, oldarraldi supremazista erdaldunak hartzen duen jarrera, "DEI hire" irainarekin lotuta dagoelako susmoa. Edo Trumpen aginduko hitzak kopi-pegatuz, euskara eskakizunek "ordezkatu egin dute lan gogorra, merezimendua eta berdintasuna, lehenespenezko hierarkia zatikatzaile eta arriskutsu batekin". Hortik doalakoan ipuina. Beste baterako, edo beste inork hartu nahi badu haria hortik, nik hemen uzten dut aipua.
Erantzun
Sartu