Mixel Itzaina (Aldude, 1933) euskaltzain, bertsozale eta idazle baxenabartarra hil da. 1967an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta ohorezko euskaltzain 2014an.
Mixel Labeguerie hil ondoren (1980), Mixel Itzainak ordeztu zuen Eskualzaleen Biltzarreko buruzagitzan. Euskal kulturaz frangotan idatzi zuen Herria edota Gure Herria aldizkarietan; eta hori baino lehenago, soldadutza egin zuelarik Aljeriako gerran (bulegoetan), Eskual Herria bihilabetekaria argitaratzeaz arduratu zen, euskal soldaduen berriekin.
Bertso munduan ere ezaguna zen Itzaina. Bertso saio eta txapelketan, gai-jartzaile eta epaile lanetan ibili zen luzaz. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile izan zen hainbat aldiz (1965, 1980, 1982, 1989). 2014an Xalbador-en biografia argitaratu zuen.
Ipar Euskal Herrian bertsoarekiko zaletasuna sustatzeko, Bertsularien Lagunak elkartea sortu zuten Baionan 1980an. Eta elkarte horren ekimenez, Bertsozale Elkartearen baitan, Xilaba txapelketak bultzatu zituen. 2010ean, Xilaba txapelketan, Itzainak ezarri zion txapela Amets Arzallus Ipar Euskal Herriko irabazleari, eta argazki hori jarri dugu (kreditua: Jakes Larre, Euskal Kultur Erakundea).
Erantzun
Sartu