Eman berri dira Donostiako 61. Zinemaldiko sariak. Aurten inoiz baino lan zailagoa zuen epaimahaiak, sail ofizialean ez baita izan film nabarmen txar edo onik; txukuntasun horren barruan, inoren gustuak guztiz asebetetzea ezinezkoa den arren, nik uste epaimahaiak aukera ona egin duela, loteriarekin esan ohi den bezala sariak "banatuta" daudelako, zentzuz eta orekaz banatuta. (irudian Pelo Malo urrezko maskor irabazlearen une bat)
Bihar Jeunet frantziarrak eskainiko duen lehiaz kanpoko itxieraren zain, ostiral honetan amaitu dira Zinemaldiko sail ofizialean sarigai diren filmen emanaldiak Fernando Franco espainiarraren lehen pelikularekin: "La herida" (Zauria), gorabehera psikologiko handiak dituen neska baten erretratua, film gogor, sentibera, eder eta minbera, Marian Alvarez aktoreak bikain antzeztua, nahiz eta argumentu zehatz baten faltak nekagarri ere egiten duen.
Azken txanpara iristen ari da Zinemaldia. Sail ofizialean, Atom Egoyan-engan zuen esperantza jarria hainbat lagunek, gristasunetik gora egingo zuen film biribil bat ikusteko, baina gaur ere txukuntasunaren mugetan mugitu gara. Zuzendari armeniar-kanadarrak ekoizpen estatubatuar bat sinatzen du, "Devil's Knot" (Deabruaren txokoa), Arkansasko herri txiki batean hiltzen dituzten hiru mutikori buruzkoa, gertaera errealetan oinarritua, abisatzen zaigunez; eta egiazko gertakarietan oinarritzen da Jasmila Zbanic bosniarra ere, "For those who can tell no tales" (Istoriorik kontatu ezin duten horientzat) Bosniako gerrako zauri itxigabeetan hazka ari baita.
Zinemaldi batek hainbat mundu, kultura, ikuspegi eskaini ohi digu, eta baita zinema egiteko eta ulertzeko modu guztiz desberdinak ere. Horren adibide ditugu asteazken honetan sail ofizialean ikusi ditugun bi filmak: "The Railway Man" superprodukzio britainiarra, II. Mundu Gerrara garamatzana, eta "Club Sandwich" mexikar minimalista.
Orain arte Zinemaldiko sail ofiziala maila ertain batean mantendu bada (film txarrik ez, baina biribilik ere ez, 6-7 notaren inguruan), astearte honetako pelikula pareak txalometroa goraka jarri du. Horren errudunak, David Trueba espainiarra, "Vivir es fácil con los ojos cerrados" filmarekin, eta Berard Tavernier frantziarra, "Quai d'Orsay"rekin.
Zinema europarrarekin jarraitu dugu Zinemaldiko sail ofizialean: atzo film britainiar eta frantziar bana izan bagenuen, gaur espainiarra eta austriarra; biak ere luzetxoak, tonuz hotzak eta sobrioak, baina gai guztiz desberdinak jorratzen dituztenak: Manuel Martin Cuenca espainiarraren "Canibal" psikopata-istorio bat da, eta Götz Spielman austriarraren "Oktober November" ahizpa biri buruzkoa.
Alex de la Iglesiaren "Las brujas de Zugarramurdi"k bere publikoa izango du, seguru, baina hemen sail ofizialean eskaini diren beste bi filmak komentatuko ditugu, bete-betekoak izan gabe ere gustura ikusten direnak eta gauza on asko dituztenak: Roger Michel britainiarraren "Le weekend" eta François Dupeyron frantziarraren "Mon âme par toi guérie".
Inaugurazio egunaren ostean, sail ofizialean sarigai diren filmak ikusten hasi gara, eta larunbat honetan, maisulanik ez baina modu batean edo bestean interesa pizten duten pelikula bi ikusi ditugu, loturaren bat izatekotan biak ere identitate arazoak lantzen dituztenak: "Enemy" Danis Villeneuve kanadarrarena eta "Pelo malo" Mariana Rondón venezuelarrarena
Donostiako Zinemaldiaren inauguraziorako, sail ofizialean baina lehiaketatik kanpo "Futbolín" ematen zuten: futbolinaren gaineko animaziozko film argentinarra 3Dan, Juan José Campanella beti gozoaren eskutik. Aldez aurretik gehiegi liluratu ez, eta beste bi film ikusi ditugu estreinaldiko ostiral goiz honetan, beste zinemaldi batzuetan arrakasta izandako lanak biltzen dituen "Perlak" sailekoak: "Narco Cultura", izenburuak esaten duen horrixe buruzkoa, eta "Kaze Tachinu" (Haizea altxatzean), marrazki bizidunen maisu Miyazakiren testamentu gisakoa.
Donostiako Zinemaldiak badu Durangoko Liburu eta Disko Azokaren antz apur bat: hura bakarrik ikusita, hango jendetza eta eskaintza eta mugimendua, irudi luke herri izugarri kulturazalea dela gurea, bere espiritua literaturaz eta musikaz elikatzen duena, bere egileak mimatzen, bere hizkuntza zaintzen. Eta gero benetan… Zinemarekin ere berdintsu, aretoak ixten ari baitira, irauten dutenak erdi hutsik, eta programazioa, salbuespen ederrekin, ez oso interesgarria zinefilo baten ikuspegitik. Oasi batean gaude, beraz, baina goza dezagun oasiaz, astebetez bederen.
Nazioarteko Egunez beteriko egutegi bat balitz bezala, atzo, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Mendebaldeko Saharari egokitu zitzaion tarte bat (The Runner, Salah Ameidan korrikalariari buruzko dokumentalarekin), eta beste bat (guk ikusi genuena) kontzientzia ekologikoari: Los hijos del jaguar (Jaguarraren seme-alabak) eta Agronautas film parearekin.
Kuba, Iran eta Txinako blogari disidente bana hartu: Yoani Sanchez, Farnaz Seifi eta Zeng Jinyan, eta hiru emakume gazte horien lekukotasunak harilkatuz osatu du Forbidden Voices (Ahots debekatuak) dokumentala Barbara Miller suitzarrak, giza eskubideak ukatzen dituzten gobernuak salatzeko eta sarean aritzeko askatasuna aldarrikatzeko edo. Edo.
Alardearen seme-alabak zen Giza Eskubideen Zinemaldi honetan irrika handienaz espero zen filma; horren froga da sarrera guztiak betetzea eta emanaldi berri bat antolatu izana ere. Giro beroan estreinatu zen atzo, beraz, Eneko Olasagastik eta Jone Karresek zuzendutako dokumentala, Irun eta Hondarribian 1996tik hona alardeetan gertaturikoa kontatzen diguna.
Basilio Martin Patino zinegile beteranoaren Libre te quiero ikusi ahal izan dugu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, 15M protesta mugimenduari buruzko dokumental ederra, nahita edo nahi gabe mugimendu horren mugak ere agerian uzten dituena.
Denok dakigu gatazka historikoak gogorrak direla, zakarrak, garratzak (Begoña del Tesok, filmen aurreko aurkezpenetan, badirudi r-dun hitzak nahita aukeratzen dituela, bere ahoskera berezia nabarmentzearren). Eta beste ezein baino gogorragoa Palestinakoa, aditu batzuen ustez konponbiderik ez duen egungo gatazka historiko bakarra. Horregatik da harrigarria, baina era berean eskertzekoa, eta aldi berean arriskutsua, halako borroka-iturri bat umorez hartzea: horixe egin du Sylvain Estibal idazle eta zuzendari frantsesak Giza Eskubideen Zinemaldian eskaini duen Le cochon de Gaza (Gazako txerria) komediarekin.
Moriarti ekoiztetxea dugu, krisia gorabehera, filmak egiten jarraitzeko zorte eta abilezia dituen bakarrenetakoa gure artean; Jon Garaño eta Joxemari Goenaga Loreak errepidean fikziozkoa errodatzen ari diren bitartean, taldeko beste kide batek, Jorge Gil Munarrizek, El método Arrieta dokumentala estreinatu zuen atzo, mugitzeko eta hitz egiteko arazo handiak dituzten ahizpa biri buruzkoa, ezintasunean ez baizik hura gainditzeko kemenean jartzen duena arreta, baikortasunez.
XI. Giza Eskubideen Zinemaldia hasi berri da Donostian, eta zoriak nahi izan du Askegunean atxilotutako gazteen aldeko manifestaldia abiatzen zen ordu berean, Bulebarretik metro gutxira estreinatzea irekierako filma: Goran Paskaljevic zuzendari serbiarraren Kad svane dan (Eguna urratzean), II. Mundu Gerrako Holokaustoari egindako hamaikagarren begirada.
Komunikazioa/Inkomunikazioa dantza-ikuskizuna izan da DFeria antzerki-azoka arrakastatsu honetako itxierako emanaldi izarra; orain aste batzuk Arriagan estreinatu zen arren (Bilboko antzokia ekoizleetakoa baitzen), Donostiako euskal giroko kultur jendea ikusminez zegoen, eta aurpegi ezagunak ugari ziren Victoria Eugeniako jarleku eta korridoreetan.