Donostiako Zinemaldiaren inauguraziorako, sail ofizialean baina lehiaketatik kanpo "Futbolín" ematen zuten: futbolinaren gaineko animaziozko film argentinarra 3Dan, Juan José Campanella beti gozoaren eskutik. Aldez aurretik gehiegi liluratu ez, eta beste bi film ikusi ditugu estreinaldiko ostiral goiz honetan, beste zinemaldi batzuetan arrakasta izandako lanak biltzen dituen "Perlak" sailekoak: "Narco Cultura", izenburuak esaten duen horrixe buruzkoa, eta "Kaze Tachinu" (Haizea altxatzean), marrazki bizidunen maisu Miyazakiren testamentu gisakoa.
Silveira narcocorridoak kantatzen?
Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan kokatzen den dokumental gordin eta sendoa egin du Shaul Schwarzek, erreportaje eta fotoperiodismoa landutako kazetari israeldarrak. Bi giro erakusten ditu nagusiki filmak: batetik, Juarez Hiriko hilketak eta bortxa, bertako forentse baten eguneroko bizimoduaren bitartez. Bestetik, Los Angeles aldean bizi diren kantariak, batik bat Los BuKnas de Culiacán taldeko abeslaria, narcocorridoak sortuz eta kantatuz famatu egindakoa.
Ciudad Juarezen, orain hamar urte, urteko 300 bat hilketa gertatzen ziren: ez da gutxi, kontuan hartuta mugaren beste aldean, Texasko El Pason, urteko 6 bat izaten direla. Mexikoko gobernuak narkotrafikoari gerra deklaratu zionetik, ordea, gauzak izugarri gogortu dira, eta urteko 3.000 hilketatik gora izan dira azkenaldian, eta horietatik %3 besterik ez da iristen epaitegietara; horrekin lotuta ekonomiaren gainbehera, kalean beldurra, eta era guztietako bortxak, estorsioak eta ustelkeriak. Ahal duenak, beste aldera pasatzea du amets, AEBra, edo bestela narkoen banda batean sartzea, edo, nesken kasuan, narkoren baten andregai bihurtzea.
Amets horren haragitzea narcocorridoen kantariek islatzen dute: Mexikon ez baizik Los Angeles aldean bizi dira, ingelesez hitz egiten dute gaztelaniaz baino gehiago, baina narkotrafikoaren inguruko banden istorioak abesten dituzte, modu epiko batean: bazooka eta kalashnikovarekin ateratzen dira oholtzara (bitxia da AK-47 errifle mitikoari ematen dioten izena: cuerno de chivo, akerraren adarra). Bertsolarien estilora, narkoen enkarguz propio sortutako abestiak ere egiten dituzte, eta negozio oparoa muntatu dutela ageri da (edo kultura aberatsa, beste modu batera esanda).
Filmaren dohain bat da ez duela ageriko tesirik ez moralinarik (zeharka beti dago intentzio bat, noski, irudi batzuk erakusten dituzun momentutik), eta ongi taxutua dago bai erritmoz bai teknikaz. Zerbaiten gabezia sentitzekotan, narkotrafikoaren zergatia, nondik norakoak, protagonistak eta abarrekoak ez direla ia agertzen (filmaren azken aldera apur bat: hildako mutiko baten ama garrasika, Sinaloako karteleko narkoen kanposantu handikeriazkoa...). Dena dela, beste zerbait zen zuzendariak erakutsi nahi zuena, eta hori modu efektibo eta efektistan egiten du.
Hegan egin nahi
"Kaze Tachinu" dugu (ingelesez The Wind Rises) Hayao Miyazaki marrazki bizidunen sortzaile japoniar handiaren azken filma. Azken, zentzu guztietan: oraintxe egin duelako, eta besterik egingo ez duela iragarri duelako. Totoro, Mononoke, Porco Rosso edo Chihiroren sortzaileak milaka jarraitzaile ditu mundu osoan, baita gurean ere, eta haientzat guztientzat obra kuttuna izango da "Haizea altxatzean" delako hau.
Jiro Horikoshi aireplanoen ingeniaria eta Tatsuo Hori idazlea batu omen ditu Miyazakik fikziozko pertsonaia bat sortzeko: Jiro, XX. mendearen hasiera aldera jaiotako mutiko bat da, txikitatik hegazkinekin amets egiten duena, eta pilotu izateko miopia handia duenez, hegazkinak asmatzera bideratuko du bere bizitza. Hegan egitearen amets hori da filmaren ardatza, Jiroren maitasun istorio gozo eta tragikoarekin batera. Zeharka baizik ez dira aipatzen hegazkintzaren inplikazio politikoak: II. Mundu Gerraren aurreko Japonia estatu militar eta gerrazalea zen, eta haren hedapen asmo inperialisten barruan ulertu behar da hegazkintzari emandako bultzada.
Halakorik ez, baina irudi ederrak oparitzen dizkigu filmak barra-barra: paisaiak zoragarriak dira, irudi panoramikoak liluragarriak, plano koralak liluragarriak eta garaiko girotzea bikaina. Ez da gutxi.
Erantzun
Sartu