Teknologia albisteak

Ilargi eklipsea eta ilargi gorria ikusteko aukera igandean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 17:52

Asteburu honetan, igandean, ilargi eklipse osoa izango dugu eta ilargiak kolore gorrixka hartuko du ekialdetik irtetean. 20:30etatik 21:00ak arte ikusiko da Euskal Herrian ondoen. Ilargi-eklipseak seguruak dira ikusmenerako eta ez dute inolako babes berezirik behar.

Eklipsean zehar, Eguzkia, Lurra eta Ilargia lerrokatu egingo dira, gure satelitea Lurrak proiektatutako itzalean sar dadin eraginez. Aranzadi Zientzia Elkarteak emandako datuen arabera, osotasunaren fasea 19:20tik 21:00etara izango da, baina Euskal Herrian ez da 20:29ra arte ikusiko, gure ortzimugatik Ilargia orduan hasiko baita ateratzen (alegia, EH izango baita eklipse oso horren parte une horretan). Une horretatik aurrera, "Ilargi gorria" ikusi ahal izango dugu 21:00ak arte. Fenomenoa 22:00ak aldera amaituko da, Ilargiak lurreko itzala erabat utzi eta ilargi betearen ohiko itxura berreskuratzen duenean.

Ilunabarra baino lehen, ekialdea oskarbi daukan leku altu batera joatea gomendatzen da Ilargiaren irteera argi eta garbi ikusi ahal izateko. Zerua erabat ilun ez dagoenez, arreta jarri beharko da ñabardura gorrixkak bereizteko. Metereologia iragarpenek Euskal Herriko leku askotan ez dute zeru garbirik iragartzen, eta ez da erraza izango leku hori aurkitzea, baina ahaleginak mereziko du.

Zergatik ikusiko da Ilargia gorri? Ilargia Lurraren itzalean geratzen denez, oraindik ere ilargiari iristen zaizkion eguzki-izpiek lurraren atmosferaren zati bat zeharkatu behar dute eta prozesu horretan, argi urdina eta berdea sakabanatu egiten ditu gure atmosferak. Hori dela eta, tonu gorrixka eta laranjei dagozkien uhin-luzerarik luzeenak baino ez dira iristen satelitera bere lurrazala kolore gorrixka batez tindatuz.

Aukera honez gain, Euskal Herrian datorren udan izango den eguzki eklipse osoa ikusteko prestatzen hasi beharko genuke! 2026ko abuztuaren 12an izango da! Hemen informazio gehiago horretaz.

Erantzun

Sartu