Teknologia albisteak

Parisko postalak eta Côte d'Azur desberdin bat

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-22 : 16:22
Alex de la Iglesiaren "Las brujas de Zugarramurdi"k bere publikoa izango du, seguru, baina hemen sail ofizialean eskaini diren beste bi filmak komentatuko ditugu, bete-betekoak izan gabe ere gustura ikusten direnak eta gauza on asko dituztenak: Roger Michel britainiarraren "Le weekend" eta François Dupeyron frantziarraren "Mon âme par toi guérie".

Mon âme par toi guérie de François Dupeyron (TRAILER)

Zinismoak ere nekatu egiten du

Nick eta Meg bikote britainiar adindu bat dira, Birminghameko irakasleak, 30 urte daramatenak ezkonduta eta bata besteaz dexente aspertuta. Garai bateko ilusioa berpizteko asmoz edo, Parisera doaz, asteburu pasa, gastuei erreparatu gabe, bere eztei bidaia berritzeak horrenbeste merezi duelakoan.



Hori da Roger Michell zuzendariak (Notting Hill) Hanif Kureishiren gidoiaz (Intimitatea-ren idazlea, besteak beste) egin duen filmaren abiapuntua. Hortik aurrera, bi aktore beterano eta onen interpretazio ederra (Jim Broadbent eta Lindsay Duncan), eta solas ironiko-pipertsu sorta galanta: senar-emazteek ondo baino hobeto dakite elkarren bertute eta akatsen, gabezia eta miserien berri, bata bestearen amets mamienetara iristen ez badira ere. Konplizitatea dago batzuetan, ziri gaiztoak besteetan, erruki apur bat, borroka dexente, betiko apurtzeko saiakerak, berriz batzeko keinuak...

Elkarrizketa ziniko, ia korrosibo horiek umore gazi-gozoz beterik daude, ikuslearen gozamenerako, baina ez dira film luze baten arkitekturari eusteko gai. Beharbada horregatik sartzen dute Jeff Goldblumen pertsoania: Nick-en ikasle garaiko laguna, amerikar irabazle fanfarroi, sinpatiko, kanpolarrosa eta barren-huts samarra, rol hanpatu eta karikaturazko batean. Atsegina da film osoa, Parisko irudi topiko samar mordoa ere oparitzen diguna, baina susmoa ere geratzen zaio bati, jada ezagutzen duen zerbaiten deja-vu autokonplaziente bat ez ote duen ikusi.

Sanatzailearen eskuak

Stendhal idazle frantsesak esan zuen nobela bat dela bide ertzean jarritako ispilu bat, paretik igarotzen den bizitza-zatia islatzen duena. Bada zinema frantziarraren tradizio bat, lelo horri jarraitzen diona, eta horren barruan sartu genezake "Nire arima zuk sendatua" delako hau, islatzen duena inondik inora ohikoa ez den arren.

Eskuen bidezko sanazio ahalmena du Frédik; amagandik jasotako dohaina, berak sekula onartu ez duena. Ama hil ostean, ordea, zoritxarreko istripu batek bere ahalmena onartzera eta praktikatzera eramango du, horrek bere barruko mamuak piztu eta epilepsia-atakeak ekarriko dizkion arren.

Esoterismo puntua daukan istorio horren alderik erakargarriena da nolako naturaltasunez kontatuta dagoen: soil, sinesgarri, xehetasun txikiz beterik. Frédi 40ak pasatako potolo triste bat da; bungalow batean bizi da, motoan mugitzen da eta kosta urdineko aberatsentzat arbolak inausten edo igerilekuak garbitzen ateratzen du bizimodua; igeltsero langabetua du aita (Jean-Pierre Darroussin, Robert Guédiguian-en aktore fetixeetako bat, eta horregatik ere marseillarraren zinema gogorarazten du, tarteka); noizean behin prostituta batekin oheratzen da, bere lagun min ganorabako baten andrea gustatzen zaion arren; alaba bat ere badu, gaizki konpontzen den emazte ohia...


Darroussin protagonista Donostian.

Filma protagonistaren dohain mirakuluzko horren eta bizitza ñabarraren kontaketan agortuko dela dirudienean, maitasun istorio bat sortzen da, bi gizaki minbera eta mindunen artekoa, sendatzaileak ere nork sendatu behar baitu. Luzetxoa gertatzen da, baina ez du inoiz aspertzen.

Erantzun

Sartu