Teknologia albisteak

Ama Lurraren minak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-26 : 10:16

Nazioarteko Egunez beteriko egutegi bat balitz bezala, atzo, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Mendebaldeko Saharari egokitu zitzaion tarte bat (The Runner, Salah Ameidan korrikalariari buruzko dokumentalarekin), eta beste bat (guk ikusi genuena) kontzientzia ekologikoari: Los hijos del jaguar (Jaguarraren seme-alabak) eta Agronautas film parearekin.

Los hijos del jaguar Ekuadorko Sarayaku komunitate kitxuak egina da Amnesty International-en laguntzarekin, eta laburki kontatzen digu nola mila biztanle inguru dituen herri horrek aurre egin zien Ekuadorko gobernuari eta petrolio-konpainia bati, beren lurretan petrolioa ateratzeko plan bat zeukatela-eta. Gatazka hori ez da ia agertzen, ordea, ikusten dugun bakarra baita Costa Ricako auzitegi baten aurreko epaiketa nola joan zen, oso zibilizatua dena, hori baino lehen edo bitartean kontu itsusiagoak izango ziren arren.

Horrez gain, kitxua komunitate horren azalpentxo bat egiten zaigu: haien aurpegietako margoak, janari eta edari tipikoak, haurrak uretan jolasean... National Geographic-eko erreportaje bat edo turismo alternatibozko gida baterako iragarkia izan zitekeen bere idealizazio horretan, baina tira, behingoz indioek borroka bat irabazi eta ez gaitezen zaputzak izan.

Agronautas, Juan Dopico espainiarrak egindako dokumentalak Espainiako erresumako lurretan gauzatzen ari diren aktibismo ekologikozko hainbat esperientzia eta ekintza erakusten dizkigu, bertako protagonistekin egindako elkarrizketen bitartez: nekazari ekologikoak, biodibertsitatearen alde lan egiten dutenak, hirietan baratzeak sustatzen dituztenak, arkitektura-modu autojestionatu eta jasangarriagoak, desazkundearen edo naturaren aldeko ekintzaileak eta pentsalariak...

Modu askotan eta ikuspegi askotatik behin eta berriz errepikatzen zaigun mezua da zibilizazio honek ez duela irauterik eta mundu berri bat sortu behar dugula, ez goikoek erabaki egokiagoak noiz hartuko zain egonez, baizik eta hemendik bertatik alternatibak eraikitzen hasiz, norbere kontsumo, garraio eta bizimodu ohiturak aldatuz. Gure artean Pablo Sastrek eta Joseba Azkarragak beren liburuetan landu izan dituzten ideiak, beste ahots batzuetan.

Erantzun

Sartu