Komunikazioa/Inkomunikazioa dantza-ikuskizuna izan da DFeria antzerki-azoka arrakastatsu honetako itxierako emanaldi izarra; orain aste batzuk Arriagan estreinatu zen arren (Bilboko antzokia ekoizleetakoa baitzen), Donostiako euskal giroko kultur jendea ikusminez zegoen, eta aurpegi ezagunak ugari ziren Victoria Eugeniako jarleku eta korridoreetan.
Urteak daramatzate lankidetzan Kukai dantza konpainiak eta Tanttaka antzerkikoak, ikuskizunak sortzen eta plazaratzen, teatroaren eta gorputz mugimenduaren kodeen elkarrekintzan oinarrituak, betiere: 1936 gogoaren bidezidorretatik gerrako umeen ingurukoa, Hnuy illa Sarrionandiaren testuetan oinarritua…
Mireia Gabilondo eta Jon Mayaren tandem horrek ondo uztarturik jarraitzen du, eta obra berrirako leit-motiv edo aitzakia Mikel Laboarengan aurkitu dute, Komunikazioa/Inkomunikazioa baitzen Sekulabelardiko kantariaren "lekeitio" ezagunenetako bat.
Hemen ere, komunikazioaren inguruko joko hori da ikuskizunaren gakoa: emanaldiak ez du (edo nik ez nion antzeman behintzat) hari argumental jakinik, hainbat numero eta esketxez osatzen da, eta horietan guztietan taupaka suma liteke kezka bera, hainbat modutan landua: hizkuntza (mintzaira) ezberdinen arteko talka edo bizikidetza (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, errusiera…), hizkuntza (lengoaia) ezberdinen artekoa (hitza eta gorputza, musika eta irudia...), dantza tradizional eta garaikidearen artekoa (bals, tango, jota eta abarren dekonstrukzioak barne)…
Dantzan batere aditua ez banaiz ere, dantzaren gaineko gogoeta eta praktika iruditu zitzaidan emankizuneko alderdirik esanguratsuena. Orain urte batzuk, dantza tradizionalaren gaurkotze eta zabaltze gisa ikus zitezkeen Mayaren koreografiak (dantzazaleen arteko eztabaida eta guzti, hori ote zen euskal dantzek egun behar duten diskurtsoa); gero, betiko euskal dantzen eta ballet garaikidearen arteko sinbiosi eta elkarrekintza moduko batera igaro zen; gaur egun, nik uste sustraiak gure dantza-pausoetan dituen dantza moderno librea dela egiten duena.
Jokalarien artean badira Kukaiko betidaniko dantzariak (Alain Maya, Nerea Vesga eta abar), badira dantza garaikidea landu dutenak (Helena Golab) eta aktore gisa ezagunagoak direnak (Aitor Beltran, musikari gisa ere badiharduena, edo Miren Gaztañaga). Xabi Erkiziaren esku ona nabari da soinu-edizioan, eta Jone San Martinen laguntza izan du koreografiak. Argi, jantzi eta abarretan, Tanttakaren produkzioek ohi duten maila bikaina. Guztien artean, ikuskizun eder bat sortzen dute, gure mugetatik harago ere hegan egiteko modukoa. Ea lortzen duten.
Erantzun
Sartu