Zinema europarrarekin jarraitu dugu Zinemaldiko sail ofizialean: atzo film britainiar eta frantziar bana izan bagenuen, gaur espainiarra eta austriarra; biak ere luzetxoak, tonuz hotzak eta sobrioak, baina gai guztiz desberdinak jorratzen dituztenak: Manuel Martin Cuenca espainiarraren "Canibal" psikopata-istorio bat da, eta Götz Spielman austriarraren "Oktober November" ahizpa biri buruzkoa.
Haragia ala okela nahiago?
Andaluziako hiri koxkor bat, giro kontserbadorea, eta bertan ofizio tradizional bat duen gizona, Carlos jostuna (hala esaterik baldin badago: gure etxean, jostuna emakumezkoa izaten zen beti, gizonei sastrea esaten genien), gizon metodikoa, serioa, hitz gutxikoa, bakartia, lanari emana, eta zaletasun bitxi bat duena: noizean behin emakume gazte bat hiltzen du, txiki-txiki egin, eta gero, xerra horiek hozkailuan ondo gorde ondoren, apurka-apurka jan. Bizilagun errumaniar polit, alai, jostari bat agertzen zaionean, badakizu zein izango duen hurrengo afaria.
Hannibal Lecter granadar honek ere badu bere bihozñoa, ordea, ez dirudien arren, eta halako batean biktima balizkoaz maitemindu egiten da. Serial Killer-en istorioek beti izan dute tiradizoa, ikusi besterik ez dago telebistan, zineman edo literaturan ematen duten jokoa, baina Martin Cuencari onartu behar zaio ez duela morboaren bidetik jo: istorio hotz bat egin du, tonuz geldoa ia, plano luzeekin, baina tentsioari eusten asmatuz. Horretan laguntzen dio protagonisten lan zehatzak (Antonio de la Torre eta Olimpia Melinte). Zuzendariaren alde esan behar dut, baita ere, Granadan filmatu arren ez dela ibili folklorekerian, eta hiri probintzianoaren giro serio eta motela islatu duela.
Pentsatzen nengoen orain dela 30 urte, artean nerabea nintzela, Eros/Thanatos jokoaz pentsatzen jarriko ninduela honek guztiak eta gustatuko zitzaidala, baina honezkero helduegia naiz, nonbait, hiltzaile hotzen istorioekin hunkitzeko.
Ezin besarkada bat eman
Sonja telebistako aktore ospetsu bat da; Verena ahizpa nagusia, herrian geratu zen, familia bat sortu, eta berak zaintzen du aita zaharra. Aitaren gaixotzeak elkartuko ditu berriz ahizpa biak, Alpeetan familiarena izandako hotel itxian, eta sumatzekoa da, icebergek zatirik handiena urpean daukaten bezala, hemen ere ezkutukoa izango dela lehertuko den ekaitza.
Film eskandinaviarrek ohitu gintuzten garai batean distantzia fisikoa izugarri zaintzen duten harremanetara, eta etxe honetaz ere horrelako zerbait esan liteke, baina, hoztasun hori dotoreziatzat hartzen hasi nintzen arren, filmak aurrera egin ahala aspertu ere egin nau. Batez ere, amaitzen jakin ez, eta aitaren hilzoriko espasmo eta dardarizoek filmaren azken hogei minutu inguru betetzen dutenean, ageriko helbururik gabe.
Erantzun
Sartu