Orain arte Zinemaldiko sail ofiziala maila ertain batean mantendu bada (film txarrik ez, baina biribilik ere ez, 6-7 notaren inguruan), astearte honetako pelikula pareak txalometroa goraka jarri du. Horren errudunak, David Trueba espainiarra, "
Vivir es fácil con los ojos cerrados" filmarekin, eta Berard Tavernier frantziarra, "
Quai d'Orsay"rekin.
Alaia eta nostalgikoa
David Trueba zinema espainiarraren pomadan dago, hasi zen egunetik bertatik, Fernandoren anaia txikia baita, Trantsizioaren Kulturaren popeetako bat; dena dela, ez diezaiogun meriturik ken, gidoigile, nobelista eta zuzendari gisa bere karrera egitea lortu baitu, bere proiektu gehienek "bai-baina-ez" sentipena pizten duten arren.
Oraingoan, berriz, itxura du "
Erraza da bizitzea begiak itxita" honekin oniritzi orokorra jasoko duela. Azal dezadan gaia: 60ko hamarkada aurrera doa, Espainia frankistara ere iristen dira modernitatearen izpiak, adibidez Beatles-en musika. Haiekin txoratuta dagoen ingeles-irakasle bat (Javier Cámara) Almeriara abiatzen da, John Lennon bertan dagoela jakindakoan. Bidean jasoko ditu etxetik ihes egin duen mutikoa eta haurdun geratu den neska gaztea. Hauen karakterizazioak "
Cuéntame" telesailaren kirats jasangaitza du, egia esan: mutilaren aita (Jorge Sanz) polizia autoritario bat da, baina sakonean pertsona ona; neska, haurra beste familiaren bati emango dion instituzio siniestro baten menpe dago. Kontuak kontu, Almeriako itsasertz pobrera iritsiko dira, Lennon-en bila bata, zerbait edo norbaitengandik ihesi besteak.
Planteamenduaren kostunbrismoa gorabehera, komedia alai, gazi-gozo eta nostalgiko bat egin du Truebak, erritmoa, errealizazioa eta pertsonaien arteko oreka gordez, Cámara berbalapikoa apur bat gogaikarria gertatzen den arren. Nire aurreiritziak ezkor samarrak baziren ere, gustatu egin zaidala aitortu behar.
Le langageGazte bat (Raphaël Personnaz)
Frantziako Kanpo Arazoetako ministerioan sartzen da lanean, eta "hizkuntzaz" arduratuko dela esaten dio ministroak (Dominique de Villepin-en karikatura zoragarria egiten duen Thierry Lhermitte-k). Hitzaldiak idaztea da gutxienekoa, ordea, ministroak ez baitaki zer nahi duen, une oro aldatzen baitu iritzia, eta inguruan beste hamaika aholkulari baitabil hegaka, zenbat buru hainbat aburu.
Lanzac & Blain-en komiki ospetsu batean oinarrituta eraiki du Tavernier beteranoak fartsa jostari hau, erritmo izugarriz filmatua. Politikarien axalkeria, zinismoa, prestakuntza falta eta abar salatzen dituela esan liteke, baita, Frantziaren kanpo politika kritikatzeaz gain, giza ergelkeria agerian uzten duela ere.
Kontrakoen balantzan, esan liteke filmak ez duela ia osotasunezko egiturarik, pasadizoen pilaketa bat gertatzen dela eta nahiko errepikakorrak direla esketx eta gag gehienak. Hala ere, Marx anaien film batean bezala, barrea piztea lortzen du, eta aretotik irria ezpainetan ateratzea.
Erantzun
Sartu