Teknologia albisteak

Donostiako Zinemaldia 2013: Palmares banatu eta orekatua

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-28 : 23:55
Eman berri dira Donostiako 61. Zinemaldiko sariak. Aurten inoiz baino lan zailagoa zuen epaimahaiak, sail ofizialean ez baita izan film nabarmen txar edo onik; txukuntasun horren barruan, inoren gustuak guztiz asebetetzea ezinezkoa den arren, nik uste epaimahaiak aukera ona egin duela, loteriarekin esan ohi den bezala sariak "banatuta" daudelako, zentzuz eta orekaz banatuta. (irudian Pelo Malo urrezko maskor irabazlearen une bat)
Argazki onenaren saria "Canibal" filmak eraman du (edo Pau Esteve-k, zehatzago esanda); ez du horretarako meriturik falta: plano luze horietan erakutsitako Granadako hiria eta Sierra Nevadako mendialdea, duen kolorea… beharbada, sari handirik ezean kontsolamenduzkoa tokatu zaio, Martín Cuenca zuzendariak ere jaso baitzezakeen bere lanagatik.

Beste horrenbeste esango nuke gidoirik onenaren sariagatik, Tavernier-en "Quai d'Orsay"k irabazi duena (hiru izan dira gidoilariak: Baudry, Blain eta Tavernier bera). Alaia, bizia eta gaiztoa da gidoia, eta berdin horren gauzatze erritmoz betea.

Aho batezko onarpena, emakumezko aktore onenaren sariak bereganatu du, Marian Alvarezek lortu baitu "La herida" filmean egin duen lan sentibera eta bikainagatik.



Gizonezko aktore onenaren saria ere, zalantzarik gabe egoki emana Jim Broadbent britainiarrari "Le weekend" filmean egindako lanagatik. Esan beharrekoa da beste horrenbesteko meritua zuela Lindsay Duncan emakumezko protagonistak, eta haien solasak idatzi dituen Hanif Kureishi gidoilariak.



Zuzendari onenaren zilarrezko maskorra Fernando Eimbcke mexikarrak eskuratu du, "Club Sandwich" pelikulagatik; film txikia da, minimalista, baina gustua, umorea eta sentiberatasuna erakutsi zituen zuzendariak.

Epaimahaiak aipamen berezia eman dio "La herida"ri, eta Fernando Francok zuzendu duen lehen film hau bihurtu da bi sari jaso dituen bakarra.

Eta azkenik, urrezko maskorra, sari nagusia, gutxik espero zuten film batek bereganatu du: "Pelo malo", Mariana Rondón venezuelarrak zuzendutako film apal baina ausartak, Caracasko aldiri bateko giro gogorra eta ama-semeen arteko harreman zail bat erretratatzeagatik, herrialde latinoetan hain zabalduta dagoen homofobia giroa salatzearekin batera.

Batere saririk gabe geratu direnen artean, David Truebak zuzendutako "Vivir es fácil con los ojos cerrados" aipatuko nuke nik, eta gutxik goratu duten arren nik kariñoa hartu nion beste bat: "Mon âme par toi guérie" François Dupeyron frantziarrarena.

Sari hauek guztiak eta beste txikiagoak, hemen ikus ditzakezue.

Erantzun

Sartu