Udaletxean izan naiz gaur, kontu batzuk zuzendu nahian, eta alferrik. Egokitu zaizkidan langileak jator eta atsegin aritu dira, baina burokraziaren makinak berak sortzen dituen akatsak gero ezin konpondu, nonbait. Halakoetan, idazleok beti aipatu ohi dugu Kafka, eta haren "Prozesua", baina, atenditu nauten enplegatu adeitsuen barkazioarekin, Udarregi zaharraren bertso hau paratuko dizuet: "Kontzejura etorri naiz / paper baten bila. / Pentsatzen jarrita're / hau dek alper pila. / Pluma eta tintero, / bastoi ta makila. / Pobriak altxatzeko / a zer kuadrila!"
Dream Team moduko bat bildu du Mireia Gabilondok “Zazpi aldiz elur” antzerki lana aurrera ateratzeko: testuak idazteko Atxaga, kartelerako Zumeta, musikan Salvador, eszenografian Bernues, guztiaren atzean Laboaren figura… Izarren fitxaketen arriskua izaten da haien gehiketa hutsa izatea emaitza, talde-lana baino gehiago, eta arriskua areagotu egiten da artearen arlo desberdinak batzen direnean: antzezpena, musika, literatura… Oraingoan, baina, arrisku horiek airoski gainditu ditu Gabilondok, osagai guztiak egoki konbinatuz eta denen artean ikuskizun eder bat sortuz.
Tornukoa zer den ba al dakizu? Garai batean, sasikoak zirelako-edo abandonatu nahi/behar ziren haurrak, komentu batean uzten zituen amak edo haren familiak; hango sarreran egurrezko kaxa bat egoten zen, alde batetik irekia eta jiratzen zena, komentukoen klausura zaindu ahal izateko; tornu horretan uzten ziren umeak ziren tornukoak. Gaurko Txinan antzeko sistema dagoela irakurri diot Zigor Aldamari, eta horrek gogorarazi dit hitza. Aldamaren artikulua: http://www.hoy.es/v/20140120/internacional/abandone-aqui-bebe-20140120.html
Segregazioa feminista? Lagun zientzialari batek, ikuspegi feminista batetik, neska eta mutilen heziketa bereizia defendatu zidan aurrekoan: lidergorako gaitasuna duten neska gazteek, adibidez, nesken artean ikasita, garatu egiten omen dute ahalmen hori, eta mutilekin egonez gero, berriz, itzalpean geratzen omen da; ikerketa serioak omen daude gaiaz, mundu mailan. Aparte ikasteak beste hainbat inplikazio ere badituela gogoratu nion, baina, nolanahi ere, segregazioaren gaia Opusekoen atzerakoikeria baino konplexuagoa dela onartu behar, erantzunik ez dudan arren.
Tertuliano espainolistekin badaukat barne borroka bat: euskalgaiztoz ari direnekin (Garrido, Maneiro…) haserre jartzen naiz, eta malaletxez esaten: sikiera euskaraz txukun egingo balute, unionista katalanek bezala. Euskaraz ondo egiten duten inperialistek, ordea (Unzalu, Arregi, Haranburu…), amorrarazi egiten naute, are eta gehiago. Onartzen dut kontraesana, eta uste dut, nire kasuan behintzat, konponbide bakarra duela: ez batzuk ez besteak ez entzutea.
Abenduaren 20tik Urtarrilaren 7ra, Marmotaren Eguna ez baizik Hilabetea bizi dugu. Urtero albiste berberak modu berean. San Tomasak, Loteria, Olentzero, Espainiako Erregearen hitzaldia, opariak, Inuxente eguna, Gabonzaharra, Lehendakariaren txapa, Parrandak, Urteberria, Erregeak… Trintxerpen etxe batzuk erre ez balira, beste edozein urtetan egon gintezkeen. Zoritxarrez, presoak etxeratzeko Bilboko manifestaldi erraldoiak ere urteroko erritua bihurtzeko itxura guztia du.
Datozen hilabeteetan kaleratuko ditugun liburuekin lanean; informazioaren aurrerapen txiki bat nahi? Ana Malagonen "Lasai, ez da ezer gertatzen" mikroipuinen bilduma; "Erraiak", Danele Sarriugarteren eleberria (Igartza Saria); Iñaki Irasizabalen "Odolaren deia" nobela beltza; Karlos Linazasororen "Alferrik ez balitz" aforismo bilduma; Iban Zalduaren "Inon ez, inoiz ez" ipuin-liburua. Eta gehiago.
Gutuna iritsi zitzaidan etxera: garajeko konponketa batzuk zirela-eta, 1,76 euro ordaintzea tokatzen zitzaidan, nik konturik ez dudan banku batean. Gabonetako oporretan aprobetxatu nahi nuen, txikikeria hori ere egiteko. Joan naiz bankura, eta ezetz, 10:30 arte egin daitezkeela jestio horiek eta hamabiak zirela; joan naiz gutuna bidali zidan bulegora, eta ezetz, han ez didatela dirua eskura hartuko. 1,76 euro putarekin horrela ibili beharra ere!
Kotxean, albisteak bilatu irratian, eta hauxe entzun nuen, erdaraz, Schumacher-en osasuna dela-eta: "El estado de M.S. evoluciona de manera desfavorable". Esaldi normala gure belarrietan. Hala ere, pentsatzen jarrita, inork ez du horrela hitz egiten, "está peor" esateko hitz-entsalada pedantea da hori dena. Euskarak erregistro guztiak behar ditu, baina nahiago dut "okerrera egin du" entzun, egoeraren bilakaera ez-onuragarria edo horrelako zerbait baino.
Urtero bezala, familia zabalaren bazkaria. Lehengusuekin, dibortzio eta armairu-irtete eskandaluak entzun ditut; osabarekin, orain dela 70 urteko kontuak. Errotako Luix, gizon puska galanta. Gosearen urtean, halako gizon bikaina ikusita, zenbat pisatzen zuen galdetu omen zion batek. Erantzuna: ni ez nauk baskularen gainean jartzen; horren berri jakiteko, galdetu andreari.
German Coppiniren heriotza dela-eta, galiziar bati irakurri diot: Celta edo Deportivo-ren zalea zaren moduan, Siniestro Total edo Golpes Bajos, bietako batena izan zintezkeen, inola ere ez biena. Eta pentsatzen jarri naiz, ze zaletasun antagoniko daude gure artean? Futbolean nahiz politikan errazak dira halako aurkaritzak, baina kulturan ez hainbeste.
Ezagutu nuen emakume adineko bat, bera etxetik atera ezin eta alabari kafea ekartzeko agintzen ziona. Alabak behin aurpegiratu zion drogazale hutsa zela, kafea ere droga delako, eta amaren erantzuna: "Nola izango dun kafea droga? Ni, kafea hartzen dudanean, primeran nagon, eta kaferik hartzen ez badut, oso txarto". Hau irakurriz oroitu dut pasadizoa: http://eibar.org/blogak/orakulua/kafe-adikto-bat-naiz
Kanpoan bizi den idazle eta ikerlari batekin izan naiz gaur bazkaltzen; azkenaldiko gure kulturako berritasun, eztabaida eta abarren albistea ematen aritu natzaio, besteak beste. Garai batean, liburu hau eta beste hura aipatuko nion. Gaur (etxerakoan ohartu naiz), sareko erreferentziak ematen aritu naiz, batez ere.
Baditut urteak, eta gogoan dut, orain dela 30 bat urte, Espainian abortua legeztatu aurretik, telebistan izan ziren eztabaida sonatu batzuk. Abortua zigortzearen alde, Ruiz Gallardón, oraingo ministroaren aita zena, eta Isabel Tocino PPkoa; zigorgabetzearen alde, Cristina Almeida abokatua eta Javier Sádaba filosofoa. Aitita bat ematen dut halakoak gogoratzen baina, nork esango zuen…
Nafarroan hauteskundeak orain egingo balira, hauexek emaitzak, nafar barometroaren arabera: UPN 14, EHB 11-12, GB 10-11, PSN 8-9, I-E 5, PP 2, UPD 1. Inkesta hori beteko balitz, gobernu alternatiboa posible litzateke: EHB-GB-IE. Baina GBk eta IEk nahiago izan dezakete PSNrekin elkartu, gobernu minoritarioa izanda ere, jakinik EHBk ez duela UPN-PP-UPDrekin bat egingo haren kontra. Dena dela, urte eta erdi falta da.
Campofríoren kanpaina kutrea dela (nazionalista, negarti, sentimentala) bat gatoz denok http://www.youtube.com/watch?v=kfh-P7-tV70 baina bazuten beste iragarki bat hobea: Luis Bárcenas agertzen zen, harro, txorixoa jaten, eta hau zen leloa: "No seas menos. De lo que se come se cría". Badirudi PPren presioak eginarazi ziola atzera konpainiari.
Kataluniako galdera bikoitza lerdokeria bat iruditu zait hasieran, baina, pentsatzen jarrita, badu abantailarik. ICVko federalistak batzea, batetik, eta independista ez direnen botoak zatitzea, bestetik. Bai/Bai independentzia litzateke. Ez/Ez Espainia. Bai/Ez federalismoa (Espainiarekin negoziatzen jarraitzeko).
Hnuy illa nyha maja yahoo (Poemak 1985-1995), aspalditik agorturik zegoen Joseba Sarrionandiaren poesia-liburua, laster batean argitaratuko da ostera, idazleak goitik behera berrikusi eta neurri handi batean berridatzitako edizio batean.