Inaugurazio egunaren ostean, sail ofizialean sarigai diren filmak ikusten hasi gara, eta larunbat honetan, maisulanik ez baina modu batean edo bestean interesa pizten duten pelikula bi ikusi ditugu, loturaren bat izatekotan biak ere identitate arazoak lantzen dituztenak: "
Enemy" Danis Villeneuve kanadarrarena eta "
Pelo malo" Mariana Rondón venezuelarrarena
Doblearen gaiaZure berdina den beste pertsona batekin topatzea gai unibertsal eta aspaldikoa da literaturan, eta zinemaldi honetan bi filmetan ikusi dugu honezkero: bata, "
The Face of Love", Ed Harris eta Annette Bening ospetsuak protagonista dituena, baina denbora-pasako telefilm komertzialetik askoz harago ez doana. Bestea, aipatu dugun "Enemy".
Denis Villeneuvek "
Incendies" zirraragarria egin zuen orain dela urte batzuk, Libanoko gerra zibilaren gordina erakusten zuena. Oraingo hau ere, urrundik ere hain biribila eta inpaktantea ez izan arren, aztoragarria gertatzen da. Adam (Jake Gyllenhaal) historia-irakaslea da unibertsitatean, bizimodu antolatua du, baina ez dio zentzurik ez gusturik topatzen bizitzari; halako batean, bere antz izugarria duen aktore bat (Anthony) ikusten du bideo batean, eta haren bila abiatzen da.
Antza bakarrik ez baizik berdin-berdina suertatuko da delako aktore hori, eta hortik aurrera ezinegon batek hartzen ditu bi gizonak, baita haien bikotekideak ere, nor izateari buruzko kezka metafisiko baten mende erori balira bezala. Film arraroa da, motel samarra, iluna, ikusleari desosegua pizten diona, baina nahita bilatutako efektua dela esan liteke, eta horrez gain sorpresak gordetzen ditu bere baitan. Festibaletako pelikula klase hori, badakizu.
Chavismoaz haragoEz da aukera handirik izaten Venezuelako filmik ikusteko; Rondónen "Pelo Malo" honek ere ez zuen inoren komentariorik piztu aldez aurretik, baina ustekabe atsegina izan dela esan behar.
Egungo Caracas zaratatsuko aldiri batean bizi da Marta, zaindari lana eta senarra galdu zituenetik nola-hala moldatzen dena bere bi semeak aurrera ateratzeko. Besoetakoa da bata; bestea, berriz, bederatzi urteko Junior, gatazka batek bizi du: bere aita beltzagandik datorkion ile kizkurra lisatu nahiko luke, modako kantarien antza izateko, eta horren gainetik amaren maitasuna nahi du. Amak, berriz, ezin du jasan semarengan sumatzen dituen maritxu-trazak.
Filma ez da perfektua, tarteka gai beraren inguruan jirabiran dabilela irudituko zaio ikusleari, baina bere gogorrean bikaina da pertsonaien erretratua, baita auzoarena ere, eta aktore eta girotze lan eder horri esker egiten du aurrera film latz bezain zintzo honek.
Erantzun
Sartu