Teknologia albisteak

Zaurgarria

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-27 : 13:15
Bihar Jeunet frantziarrak eskainiko duen lehiaz kanpoko itxieraren zain, ostiral honetan amaitu dira Zinemaldiko sail ofizialean sarigai diren filmen emanaldiak Fernando Franco espainiarraren lehen pelikularekin: "La herida" (Zauria), gorabehera psikologiko handiak dituen neska baten erretratua, film gogor, sentibera, eder eta minbera, Marian Alvarez aktoreak bikain antzeztua, nahiz eta argumentu zehatz baten faltak nekagarri ere egiten duen.
Anak anbulantzia batean egiten du lan, gaixoak etxean jaso eta ospitalera eramanez; ona da bere lanean, goxoa pazienteekin; baina berak ditu haiek bezainbat arazo, itxura denez medikutara joaten ez den arren: gure hizkera arruntean histeria, depresioa, obsesioa, bat-bateko bulkadak, autozauritzea, suizidiorako joera eta halako hitzez deitzen ditugun ezaugarriak ikusten dizkiogu. Psikiatrek, koadro kliniko horri Borderline edo Pertsonalitatearen Mugako Nahasmendua deitzen omen diote, sinopsiaren paperetan esaten zaigunez, baina nortasunaren gorabehera guztiei izen bat jartzeko maniaren ondorioa izan daiteke hori.

Filmean, zorionez, ez da bizitzaren psikologizaziorik ageri, neska gazte ezegonkor horren segimendu uneorokoa baizik: Ana agertzen da fotograma ia-ia guztietan, segundo oro, gehienetan oso plano hurbiletan, aurretik, zeharka, atzetik. Bere bizitzaren lekuko bihurtzen gara, ia-ia voyeur kuxkuxeroak, eta berarekin batera egin dezakegu barre eta negar, sufrimendu-aldiak pozezkoak baino askoz ugariagoak diren arren.

Pelikula ederra egin du Francok bere lehen ekinaldian: desberdina, ausarta, ederki burutua. Alderdi makalak ere aipatu behar ordea: minutu gehiegi ez dituen arren luze jotzen du; familiako kideekiko gehi paziente eta lagunekiko harremanak ematen dio istorioari nolabaiteko osotasuna, baina ahulegia ba hori dena bizkarrezur sendo bat osatzeko, eta neskaren nora ezaren ispilu bihurtzen da sarri pelikularena. Hala eta guztiz, merezi du.

Erantzun

Sartu