XI. Giza Eskubideen Zinemaldia hasi berri da Donostian, eta zoriak nahi izan du Askegunean atxilotutako gazteen aldeko manifestaldia abiatzen zen ordu berean, Bulebarretik metro gutxira estreinatzea irekierako filma: Goran Paskaljevic zuzendari serbiarraren Kad svane dan (Eguna urratzean), II. Mundu Gerrako Holokaustoari egindako hamaikagarren begirada.
Zuzendari beterano eta zaildua da Paskaljevic, Serbiako errealitate sozialei begirada gordinak eskaini ohi dizkiena; alde horretatik, luxuzko gonbidatua genuen Donostian (berak aurkeztu baitzuen filma, Idoia Gillenea itzultzaileak euskara eta gaztelaniara isurtzen zituela hark ingelesez esanak) eta kalitatearen berme zirudiena; hala ere, film motel eta makala begitandu zitzaigun guri behintzat Eguna urratzean hau.
Misha Brankov musika-irakasle erretiratuak bat-batean jakingo du haur adoptatua izan zela, besoetako ninia zenean benetako guraso juduek beste familia baten eskuetan utzi zutela, bizia salba zezan, eta Belgradoko kontzentrazio-esparruan hil aurretik aita-amek utzi zioten kutxa bat jasoko du.
Hortik aurrera, Misha (Mustafa Nadarevic-ek jokatua) batetik bestera dabil, gurasoei omenaldi musikal bat egin nahian, baina erromesaldi horretan bere bihotz zabalak ingurukoen zekenkeria eta interes falta topatuko du; egungo gizarteko baztertuenak dira laguntzeko prest dauden bakarrak: gaurko eta betiko arrazakeria sufritzen duten ijitoak, Jugoslaviako gerran dena galdu zuten errefuxiatuak… Mezua borondate onekoa bezain mekanikoa da, aurreikustekoa eta topikoa: bere iraganari aurrez aurre begiratu ordez ezkutatu eta ahanzten duen gizartea lehengo injustiziak errepikatzera kondenatua ei dago.
Filma ez da erortzen Holokaustoaren eszena tipikoenen errepikan edo gehiegikeria sentimentaletan (amaierako salbuespen lotsagarriren batekin), txukunak ditu errealizazioa, interpretazioa, argazkia… baina argazki sepia zahar eta ezagunen ikustaldi bat bezalakoa da. Bestalde, pertsonaiaren intimismoaren mesedetan alde batera uzten dira gorabehera historikoak oro, eta horrek Ongiari eta Gaizkiari buruzko diskurtso abstraktu eta hutsal baten aurrean uzten gaitu.
Ea segidak hobetzen duen hasmenta. Ziur baietz. Gaur, adibidez, El método Arrieta, Jorge Gil Munarrizena.
Erantzun
Sartu