Teknologia albisteak

Benetako gertaeretan oinarrituta

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-26 : 17:35
Azken txanpara iristen ari da Zinemaldia. Sail ofizialean, Atom Egoyan-engan zuen esperantza jarria hainbat lagunek, gristasunetik gora egingo zuen film biribil bat ikusteko, baina gaur ere txukuntasunaren mugetan mugitu gara. Zuzendari armeniar-kanadarrak ekoizpen estatubatuar bat sinatzen du, "Devil's Knot" (Deabruaren txokoa), Arkansasko herri txiki batean hiltzen dituzten hiru mutikori buruzkoa, gertaera errealetan oinarritua, abisatzen zaigunez; eta egiazko gertakarietan oinarritzen da Jasmila Zbanic bosniarra ere, "For those who can tell no tales" (Istoriorik kontatu ezin duten horientzat) Bosniako gerrako zauri itxigabeetan hazka ari baita.
Nork hil du nire semea?

James Ellroy nobela beltzen egileak badu liburu berezi bat, "My dark places" (Nire bazter ilunak), asmatutako krimena ez baizik eta bere amaren hilketaz diharduena, bera txikia zela gertatu zena eta inoiz argitu ez zena. Horixe izaten baita egiazko hilketa askoren patua: gertakariak ez daudela oso argi, eta, hiltzaileak ezin zigortzeaz gain, sarri ez dela jakiten hiltzailea nor izan zitekeen ere.

Egoyanek ere benetako krimen bat hartu du oinarritzat: hiru mutil koxkor garbitzen ditu norbaitek edo norbaitzuek. Polizia berehala hasten da lanean eta laster atxilotzen dituzte susmagarriak: gazte atzeratu bat eta beste bi gaztetxo musika heavya eta kontu okultistak gustatzen zaizkienak; Satanen zaleak soilik izan bailitezke halako ekintza deabruzko baten egileak. Ron Lax (Colin Firth) detektibe pribatu bat da, heriotza-zigorraren kontra dagoena, eta gaztetxo horien paraderoa ere horixe izan litekeelakoan, haien aldeko ikerketan hasten da, printzipioz errudun ala errugabeak diren ez badaki ere. Beste protagonista Reese Witherspoon da, hildako umeetako baten ama.


Atom Egoyan zuzendaria, gaur Donostian.

Epaiketak betetzen du filmaren zatirik handiena, ikerketa poliziala eta protagonisten bizitzak ere agertzen diren arren, eta guztiak hartzen du telefilm baten kutsu sentimental eta topikoa, musika enfatikoak azpimarratua. Amaiera aurreikusterik ez dago ordea, eta horrexen zain dauka ikuslea. Nik ez dut hemen esango zer ikusiko duen; bai errealitateak gehienetan ez duela forma artistikorik, ezta justizia (poetiko)rik ere.

Tanaturista nora ezean

Kym Vercoe (aktoreak eta pertsonaiak izen bera dute: goian artikulua ilustratzen duen argazkian duzue) emakume australiar bat da, oporretan Bosnia bisitatzera datorrena. Aski pozik itzultzen da bere herrira, hainbat bazter polit eta pintoresko ikusi ondoren (Sarajevo eta Visegrad, batez ere). Itzultzean, gehiago ikasten saiatzen da Bosniari buruz, azken gerrako ekintzez bereziki, eta ohartzen da, besteak beste, bera egon den hotel bat emakume musulmanak bortxatzen zituzten zentro bat izan zela orain dela 20 urte.

Begi berriekin bueltatzen da ostera ere Visegrad-era, Ivo Andric idazleak ospetsu bihurtu zuen zubia duen hirira, eta orain, berriz, heriotzaren aztarnak sumatzen ditu nonahi, balizko bortxatzaileak ikusten ditu lehen jator eta xalo iruditu zitzaizkion bertakoengan (gaur egun etnia serbiarrekoak, gerran musulmanak haizatu eta gero).

"I'm a fucking tanatourist" esaten du Kymek une batean, eta filmak ere askotan egiten du inpresioa heriotzaren bazterretan miaka dabilela baina benetan ezer ulertu gabe, topiko onberaz funtzionatzen duen turistaren antzera. Azken aldera, dena dela, itxuratu egiten du bere ibili herratua. Hau ere ez da espero genuen pelikula bikaina baina.

Erantzun

Sartu