Teknologia albisteak
2

Zinemaldiaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-18 : 22:03
Donostiako Zinemaldiak badu Durangoko Liburu eta Disko Azokaren antz apur bat: hura bakarrik ikusita, hango jendetza eta eskaintza eta mugimendua, irudi luke herri izugarri kulturazalea dela gurea, bere espiritua literaturaz eta musikaz elikatzen duena, bere egileak mimatzen, bere hizkuntza zaintzen. Eta gero benetan… Zinemarekin ere berdintsu, aretoak ixten ari baitira, irauten dutenak erdi hutsik, eta programazioa, salbuespen ederrekin, ez oso interesgarria zinefilo baten ikuspegitik. Oasi batean gaude, beraz, baina goza dezagun oasiaz, astebetez bederen.
Gomendio batzuk egiteko eskatu didate, baina ez naiz horrenbeste egitera ausartzen. Beste batzuek egin dute, jakintza gehiagorekin: adibidez Mikel Garciak edo El Café de Rick blogak.

Aholkuak emanda, zer esan? Aurtengo berritasun deigarri bat izan da sail oso bat eskaintzea animaziozko zinemari, azken hamar urteetan arlo horretan egin denaren bilduma moduko bat ekarriz, marrazki bizidunak umeentzako gauza (bakarrik) ez direla erakusteko edo. Principen eta San Telmon izango dira emankizunak.

Exotismoaren zaleentzat, Nagisa Oshima japoniarraren zikloa; nire antzera urte batzuk dituztenak gogoratuko dira "Zentzumenen Inperioa" durduzagarriaz, artean pornoak gure bizitzak inbaditu ez zituenean, sexu-irritsa muturreraino eramanda zer izan zitekeen erakusten ziguna. 70eko hamarkada zen, baina urte asko lehenagotik ere zinema egiten ari zen Oshima, Japoniako mugetatik gutxitan irten arren. Ekialdeko herrialde hura sushitik harago zer-nolakoa den jakin nahi duenarentzat, horra aukera ederra.

Sushia aipatuta, Culinary zinema zikloa datorkit gogora; egia esan, turismo eta propagandarako aitzakia iruditzen zait niri, baina tira, zeluloidea maite gabe ere Zinemaldiak denentzako lekua duela frogatu nahi bada, aurrera. Beste horrenbeste esan nezake Savage ziklo berriaz: abenturazko kirolei buruzko zinema eskainiko dute bertan. "Bakotxa bere zoroak bizi dau" esan zuen Peru Abarkak, aspaldian.

Eta zinema-zinema maite duenarentzat, ba, betiko zikloak: Zinemira hemen egiten dena ikusi nahi duenarentzat (aurten dokumental interesgarri mordoxka); Made in Spain gure auzokoen berri jakiteko; Horizontes Latinos ozeanoaz bestaldekoa usaintzeko; Zabaltegi, Zuzendari Berriak, Perlak, Sail Ofiziala… ez da falta zer ikusi.

Glamourra? Tira, nik esan gabe entzungo zenuten, hau datorrela, bestea espero dutela… Nik hemen pelikulak komentatuko dizkizuet datozen egunetan. Ongi edo gaizki, neure gustuen arabera. Nahi baduzu, hemen dugu hitzordua.

Erantzunak

2013-09-19 : 10:00

Ni adi-adi egongo naiz. Gozatu, Xabier! Eta, bide batez, guk ere horixe egingo dugu zure kronikekin. #zinemaldia

2013-09-19 : 12:09

Ekarri asko, SVP!

Erantzun

Sartu