Teknologia albisteak

Makro eta mikro produkzioak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-09-25 : 17:43
Zinemaldi batek hainbat mundu, kultura, ikuspegi eskaini ohi digu, eta baita zinema egiteko eta ulertzeko modu guztiz desberdinak ere. Horren adibide ditugu asteazken honetan sail ofizialean ikusi ditugun bi filmak: "The Railway Man" superprodukzio britainiarra, II. Mundu Gerrara garamatzana, eta "Club Sandwich" mexikar minimalista.
Barkatu ala mendekatu?

Eric Lomax (Colin Firth) II. Mundu Gerrako beteranoa da, trenekin liluratuta egoteaz gain. Tren bidaia batean topatuko du Patti (Nicole Kidman), aski gizon heldua dela, eta laster ezkondu. Emaztea aurki ohartuko da senarrak benetako sufrikarioa bizi duela, gerrako esperientziak ahaztu ezinik. Hori da, hitz gutxitan, Jonathan Teplitzkyk benetako gertaeretan oinarriturik zuzendu duen film australiar-britainiarraren abiapuntua. Badu istorioak halako dotorezia dekadente samar bat (zolda britainiarra), Minghella-ren "The English Patient" gogoratuko balu bezala.

Erreferentzia zinefiloak botatzen hasita, ordea, "The Bridge on the River Kwai" aipatu behar: han bezala, hemen ere japoniarren eskuetan daude soldadu britainiarrak, eta gerra-presoen konbentzioak urratuz tren bat eraikitzera behartu nahi dituzte, hainbat zigor eta tortura jasanarazteaz gain. Handik urteetara, bere torturatzaile izandakoaren berri edukiko du Lomaxek, eta bere traumak sendatzeko hura akabatzea erabakiko du.

Profesionaltasunez egindako film ikusgarria da dudarik gabe, nahiz eta Kidmanekiko maitasun-historiak ez dion ezer eskaintzen trama nagusiari, izarren presentzia ez bada. Ikusle batzuek eskertuko dute.

Bi kate biak ebaki beharrezkoak...

Paloma, ama gaztea, eta Hector, seme nerabea, sasoiz kanpo doaz kostako hotel batera; bien artean konplizitatea, ulerpena eta maitasuna dagoela nabari da, eta hainbestean daramate oporraldia, nahiz eta hotela ia hutsik egon eta beraiek ezer berezirik egin ez. Neskatxa nerabe bat azalduko da ordea (Jazmin), eta horrek dantzan jarriko ditu Hectorren hormonak, baita ama-semeen arteko lotura kordokarazi ere.



Fernando Eimbcke zuzendariaren zinema minimalista da, Sorínena baino gehiago. Plano geldo eta luzeak filmatzen ditu, elkarrizketa soil eta errepikatu samarrak, baina hori guztia gustuz egiten duela esan liteke, esplizitu egin gabe hainbat gauza sujerituz. Askorentzat aspergarria gertatuko den arren, bere sinplean duina iruditu zait niri.

Erantzun

Sartu