Denok dakigu gatazka historikoak gogorrak direla, zakarrak, garratzak (Begoña del Tesok, filmen aurreko aurkezpenetan, badirudi r-dun hitzak nahita aukeratzen dituela, bere ahoskera berezia nabarmentzearren). Eta beste ezein baino gogorragoa Palestinakoa, aditu batzuen ustez konponbiderik ez duen egungo gatazka historiko bakarra. Horregatik da harrigarria, baina era berean eskertzekoa, eta aldi berean arriskutsua, halako borroka-iturri bat umorez hartzea: horixe egin du Sylvain Estibal idazle eta zuzendari frantsesak Giza Eskubideen Zinemaldian eskaini duen
Le cochon de Gaza (Gazako txerria) komediarekin.
Ez da halakoak egiten diren lehen aldia, noski: gerra bateko alde bat parodiatuz egin dira pelikulak lehen ere (II. Mundu Gerrarekin Lubitsch-en
To be or not to be klasiko zoratarria gogora liteke, edo berrikiago Tarantinoren
Inglorious basterds dudazkoagoa), eta baita alde biak berdin kritikatuz ere, Bosniako gerran giroturiko Tanovic-en
No man's land gogoangarria, esaterako. Erdibide irrizko hori aukeratu du Estibalek ere, emaitzak bere gazi-gozoak dituen arren.
Jafar arrantzale xume bat da, Gazakoa, egun batean sare artean txerri bizi bat harrapatzen duena (ekaitzaren ostean itsasontziren batetik eroria, ausaz). Bere fedean eta kulturan animalia zikina da txerria, nazka eta arbuioa pizten dizkiona, baina, diruz larri dabilela-eta, hari probetxua ateratzea pentsatzen du. Musulmanei ezin saldu, noski, eta Gaza okupaturik duten juduentzat ere madarikatuak dira urdeak. Zirrikituren bat topatuko du ordea Jafarrek, hamaika komeria eta hamalau buruhauste sortuko dizkion arren, ikusleon pozerako.
Filmaren alderdirik onena Jafar bera da, Charloten ezpaleko antiheroia (Sasson Gabai aktore israeldarrak bikain antzeztua): erdi-maltzur erdi-gixaixo, inongo uste sendorik ez duena, munduko armadun guztien biktima eta modu berean munduko gizaki apal guztien ordezkaria. Filmaren lehen erdiak une gorenak ditu, eta ikusleak algaraka jarri gintuen behin baino gehiagotan.
Baina beti dago baina madarikaturen bat. Eta kasu honetan bi, beharbada loturik daudenak. Lehena da filma gehiegi luzatzen dela, eta une batetik aurrera amaitu ezinik dirudiela, gidoia gero eta xelebreago bihurtuz. Bigarren aitzakia ideologikoa da, eta agian horrek ez luke kutsatu behar iritzi "artistiko" bat, baina nire ustez ez dago sobera: filmaren ideologia erdibidearen aldekoa da, nolabait: palestinar herri xehearen defentsa egiten du, baina herri xehe horren etsai gisa muturreko jarrerak salatzen dira, eta hor maila berean jar ditzakegu Israelen kolonizazio prozesua eta islamisten erresistentzia. Jarrera ekidistante horrek, ordea, sionismoa justifikatu egiten du, estatu bat ez delako inoiz bere kasa desarmatuko ez desegingo.
Erantzun
Sartu