Teknologia albisteak

Fouad Bakerren mezua eta Gazako genozidioaren kontrako elkarretaratzeak gaur

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:32

Euskal Herrian errefuxiatuta bizi den Fouad Baker palestinarrak (Nazioarteko Zigor Gorteko Abokatuen Elkargoko kidea) mezua zabaldu du Bilbon asteazkenean Vueltaren harira izandako herri-protestaren ondoren. Testuak Mastodon-eus-etik bueltatxoa eman du, eta euskaratuta dakargu hona. "Euskaldunak gure historiaren parte bihurtu direnean" da izenburua. Gernika Palestina herri ekimenak elkarretaratze eta burrunba-ekintzak deitu ditu Gazako genozidioa salatzeko gaur arratsalderako (19.00etan, ostirala hilak 5) Euskal Herriko udaletxeen aurrean. Agian horietan baten batek irakur lezake testua, nahi balu.

Euskaldunak gure historiaren parte bihurtu direnean

Euskal Herriko jende bikainari:

Bilboko kaleak bete zenituzten oldeka, zuen bihotzaren erditik eta ahotsik ozenenez Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko, eta Israelen aurkako boikota eta genozidioaren gelditzea eskatzeko. Zuei hauxe diotsuet:

Espainiako Vueltako hamaikagarren etapan egin zenutena ez zen lasterketa bateko une iheskor bat izan, ezpada munduari egindako oihu gizatiar eta zintzo bat, esateko: Palestina ez dago bakarrik.

Ikusi zintuztegun helmugatik hiru kilometrora lasterketa gelditzen eta podiumeko ekitaldia eragozten, kirol egun bat une nabarmenki politiko bihurtuz. Ez zegoen irabazlerik asfaltoan, baina bai garaile bakar bat bihotzetan: Palestina. Haren banderak jaso, haren izena oihukatu, eta haren mina zeuona egin zenuten.

Palestinarrontzat, Team Israel-Premier Tech-en aurkako protesta bat baino gehiago izan zen hori. Adierazpen argi bat izan zen, esateko okupazioak ez duela lekurik herri libreen artean, eta kirola —artea eta kultura bezala— ezin dela bereizi Gazako haurren odoletik edo Zisjordaniako apartheidaren harresietatik. Aho batez, esan zenuten okupazioaren gurpilek ezin diotela egiari aurrea hartu, eta Israelen irudia ezin dela lasterketen bidez garbitu, bere soldaduen oinek armagabeko pertsonei bularra zanpatzen dieten bitartean.

Zuen herriak badaki zer den askatasuna, horregatik berezkoa izan zen zuentzat Palestinaren aldeko aldarriaren lehen lerroan egotea. Bilbon, geure buruaren ispilu bat ikusi genuen: historiaz eta erabakitasunez taupaka ari den hiri bat, txirrindularitza arnasten duen baina bere balioak ahazten ez dituen hiri bat, hiri bat munduari esan ziona: "Kirola ez da errugabea injustiziaren aurrean isilik geratzen denean".

Euskal Herriko adiskide maiteok:

Egin duzuenak beste adreilu bat gehitu dio Palestinarekiko elkartasun globalaren harresiari, eta baieztatzen du okupazioa gero eta isolatuago dagoela, Hegoafrikan apartheidarekin gertatu zen bezala. Apartheidaren gainbehera herriaren ahotsaren eta herri presioaren emaitza izan zen, eta zuek bide horri eutsi diozue boikotaren eta protestaren bidez, okupazioaren harresiak erori eta Palestina libre altxatzen den eguna iritsi arte.

Gure esker ona zuei, gure konpromisoarekin batera: jarraituko dugu elkarrekin askatasunaren eta duintasunaren aldeko borrokan, eta Bilboko kaleetan zuekin batera eraiki genuen giza zubi hau zaintzen. Frogatu duzue elkartasuna ez dela lelo huts bat, ezpada hiriak astintzen, lasterketak geldiarazten eta historia egiten duen ekintza bat.

Fouad Baker.
2025-09-03

Erantzun

Sartu