Alardearen seme-alabak zen Giza Eskubideen Zinemaldi honetan irrika handienaz espero zen filma; horren froga da sarrera guztiak betetzea eta emanaldi berri bat antolatu izana ere. Giro beroan estreinatu zen atzo, beraz, Eneko Olasagastik eta Jone Karresek zuzendutako dokumentala, Irun eta Hondarribian 1996tik hona alardeetan gertaturikoa kontatzen diguna.
Irudi dokumentalak (azken 16 urteotako telebistako albistegiak eta hemerotekako titularrak, batik bat) eta protagonista edo aditu batzuen elkarrizketak tartekatuz osatzen da filma; hasieran alardearen jatorria eta ezaugarriak azaltzen zaizkigu; ondoren, gatazka nola hasi zen, emakume batzuek soldadu edo txilibitu-jotzaile moduan parte hartzea eskatu eta ukatu zitzaienean; filmaren azken aldera, berriz, aurrera begirako aurreikuspen batzuk egiten dira.
Historia hau jarraitu duenarentzat, gauza berri gutxi, egia esan. Hala ere, egin beharreko lan pedagogikoaren parte izango da hau ere. Nabari da filmaren egileek, emakumearen parte hartzearen aldeko jarrera izan arren (edo izateagatik edo izateaz bat), ikuspuntu guztiak jaso eta ulertu nahi izan dituztela. Horretan hanka-motz geratu dira, ordea, betiko alardearen aldekoen interes faltaz, seguru asko. Jose Ramon Otaegi dugu hemen tradizionalisten bozeramaila (Susperregi EHUko irakaslea ere jarrera horien alde agertu izan da, baina filmean historiaz-eta ari da, gehiago busti gabe).
Xabier Kerexeta historialariaren iritziek ematen diote filmari sakontasun ideologikoa: berak aipatzen du, esaterako, Bidasoa ez dela salbuespena baizik gure gizarte osoaren sintoma, edo Irun eta Hondarribian gobernatzen duten alderdietako zuzendaritzek dutela erru handia, diskriminazioa mozteko erabakirik hartu ez dutelako. Horrez gain, Lekuona edo Alkain familia osoen edo Ainhoa Ruiz de Arbuloren giza kalitateak berotasuna ematen dio lanari.
Balioko al du honek egoskorren bat konbentzitzeko? Zoritxarrez, ez dut uste. Hala ere, positibo amaitu nahi dut. Betiko alardearen zaleen artean, batzuen aurpegiak pixelatuta ageri dira filmean; bertan agertzeari boikota baino gehiago, nolabaiteko lotsa ematen diela esango nuke; alarde mistoetan desfilatu ohi duten andre-gizonek une txar asko pasa dituzte urteotan, baina denak daude harro beren jarreraz; haiei plastiko beltza erakutsi, irain, txistu eta jipoiak eman dizkietenetako batzuk, ordea, egindakoaz lotsatu egingo direla pentsatu nahi nuke. Hala biz.
Enara Goikoetxeak abisatu dit aurpegi batzuk pixelatzea ekoizleen erabakia izan dela, adin txikikoak zirelako eta arazo legalak egon zitezkeelako. Eskerrik asko argibidearengatik.