Teknologia albisteak

Madrildarrak kale-borrokan hasi zirenekoa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-04-22 : 19:08
Basilio Martin Patino zinegile beteranoaren Libre te quiero ikusi ahal izan dugu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, 15M protesta mugimenduari buruzko dokumental ederra, nahita edo nahi gabe mugimendu horren mugak ere agerian uzten dituena.

Martin Patino outsider bat da Espainiako zinematografian: fikzioaren ordez dokumentalak egiten dituelako, militantziaz anarkista delako, bere filmek boterearen kontrako marka ezabaezina daramatelako… Hala ere, orain dela 40 urte eman zituen onenak, Canciones para después de una guerra, Queridísimos verdugos eta Caudillo filmekin; geroztik segitu du gauzak egiten, baina haren lanek (direnak direla arrazoiak) ez dute zabalkunde handirik izan.

Orain, berriz, Agustín García Calvo zendu berriaren letra eta Amancio Pradaren musika daramatzan "Libre te quiero" kanta ederra titulu eta lelotzat harturik (Leon, Zamora, Salamancakoak dira hirurak, bada hor kidetasun sentimental bat nonbait), 2011n zehar Madrilen izan ziren kale-protestak kontatu ditu.

Dokumental honen ezaugarri nagusia da ez dagoela offeko narratzailerik ez elkarrizketaturik: noizean behingo musikaz gain, manifestazio eta elkarretaratzeetako soinuak dira entzuten ditugunak: batzuetan jendearen hitzaldiak, besteetan batukadak, Sol plazako akanpadan jotzera datozen era eta estilo guztietako musikariak… Muntaketak ere horixe erakusten digu: haur, zahar, gazte, gizon eta emazte, jendea eta jendea, protestan dabiltzanak gehienak, poliziak ere bai ez gutxi, ikusmiran daudenak inoiz edo behin.

Irudiak ederrak dira, eta manifestazio jendetsu batek bertan dagoenarengan sortzen duen hipnosi efektuaren modukoa eragiten diote ikusleari. Ez dago narrazio espliziturik, ez azalpen historikorik, ez testuinguru politikorik. Beharrik ere ez beharbada. Hala ere, horrek ere bere mugak ditu, eta pelikula luzetxo egin liteke, ordubete besterik irauten ez duen arren.

Filmak badu akats bat: ez dauka inongo diskurtso sendorik, ez doa inora eta azukre koxkorra kafesnean bezala urtzen da, azkenean. Baina, hain zuzen, hori bera esan daiteke M15 mugimenduaz ere: interes eta joera askotako jendearen bilkura bat-bateko eta heterogeneo hura ere ezerezean bezala desegin baitzen hilabete batzuen buruan. Erretratu fidelaren osagarria izango litzateke, berez, hutsegitetzat hartu dudana.

Erantzun

Sartu